GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko aizkora Bakarkakoa

Parte-hartzaile asko, baina faboritoak betikoak dira

Nazabal, Larretxea eta Olasagasti dira txapela janzteko faborito nagusiak igandetik aurrera

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Buruz Buruko Urrezko Aizkolarien Txapelketa datorren igandean abiatuko da Garraldan, eta urteroko moduan, egun dabiltzan aizkolaririk gehienak izango dira lehian. Finala ekainaren 9-10eko asteburuan izateko asmoa dago. Berririk pozgarriena Felix Etxeberriak eman du. Zortzi urte inguru aizkorako lehiaketetatik kanpo ibili da, gaixotasun bategatik, eta berriro ere txapelketetan ikusteko modua izango da.

Honako Aizkolari hauek hartuko dute parte: Larretxea, Nazabal, Olasagasti, Mindegia, Arrospide, Azurmendi, Txapartegi, Arria V.a, Mugertza I.a, Peñagarikano, Etxebeste, Otaño, Lasa, Aierbe II.a, Ugarteburu, Barberena, Lopez, Toledano, Vicente, Zubiaga, Mujika, Mugertza II.a, X.Mindegia, Etxeberria, I.Iriarte, Esnaola, Kañamares, Rodriguez I.a, Mandazen, Elorriaga eta Mendieta.

Aurten arituko direnen artean, Etxeberria ez da berrikuntza bakarra izango; izan ere, Toledano segoviarra ere lehen aldiz arituko baita lehiaketa horretan. Ugarteburu ezkiotarra ere aurten arituko da. Orain arte Binakakoan ere aritu izan da, baina ez Bakarkakoan, eta aurten lehiatzeko aukera izango du.

Iñaki Azurmendi ere iaz ez zen aritu, baina antolakuntzak adierazi zuenez, aurten bertan izango omen da. Berriro agertuko dena, berriz, Arria V.a da. Errezildarrak aizkora utzita eman ditu azkeneko hilabeteak, baina lehiaketetara itzuliko da. Mandazen eta Iñaki Iriarte gazteak ere lehendabiziko aldiz neurtuko dira Bakarkako lehiaketa horretan.

Mindegia, zalantza

Miel Mindegiaren izena ere parte hartuko dutenen artean agertzen da, baina ez dago argi. Abenduan min hartu zuen Ezkurrako aizkolari beteranoak, eta Luixmari Bengoak, antolatzaile nagusiak, atzo adierazi zuenez, azkeneko unean erabakiko omen du jokatzeko moduan dagoen edo ez. Hala ere, oraindik parte hartu beharrik ez duenez, badu denbora hobera egiteko, eta horren itxaropena izan beharko da.

Abenduan min hartu zuen bestea Olasagasti da, baina ez dirudi Igeldokoak hemen parte hartzeko arazorik izango duenik. Mindegiak bezalaxe, oraindik ez dauka parte hartu beharrik, eta Bengoak esan zuenez, lehian izango omen da.

Aurten arituko ez direnen artean Erdoziaren hutsunea nabarmentzen da, baina Etxarrikoak aizkora uzteko erabakia hartu du, eta ez da izango. Patxi Mindegia ere ez da izango, kontu pertsonal batzuk direla-eta. Senosiain anaiak ere ez dira izango. Zaharrenak lan asko omen du, eta ez du lehiaketa hau prestatzeko astirik; gazteena, berriz, gaixorik dago. Otaegi izango da lehian izango ez den bestea. Iaz 23 urtez azpiko txapela jantzi zuen, baina ebakuntza egin diote, eta ez dago aritzeko moduan. Arkaitz Iriartek ere ez du parte hartuko.

Finala, berriz, Azpeitian izango da, ekainaren 9ko eta 10eko asteburu horretan. Oraindik ere eguna ez dago segurtatuta, baina seguruenik ere ekainaren 9an izango da, larunbatean. Izarraitz pilotalekuan edo Landeta kiroldegian izango da, bietan ari baitira azkenaldian finalak jokatzen.

Felix Etxeberria

Felix Etxeberriak zortzi urte inguru eman ditu lehiaketetan parte hartu gabe. Euskal Herriko finaletan sartzen zen utzi aurretik, baina gaixotasun batek bazterrean utzi zuen. Osatu da, eta aurten berriro ere ikusteko modua izango da.

Ohiko lana

Aizkolariek egin beharreko lana oraindik erabat zehaztu gabe baldin badago ere, iazko modukoa izango dela adierazi zuten antolatzaileek. Hainbat proba egin beharko dituzte, eta denboren bidez egingo dute.

Gazteek ere izango dute lehiaketa

Aizkolari gazteek ere izango dute beren artean onena zein den erabakitzeko parada 18 urtez azpiko lehiaketa bat eta 23 urtez azpiko beste bat jokatuko baitituzte. Bietan, ekainaren 10ean gehienez 18 eta 23 urte dituztenak bakarrik lehiatu ahalko dira.

Hamazortzi urtez azpikoetan, honako aizkolari hauek hartuko dute parte: G.Larretxea, O.Larretxea, Eratsun, Mugertza III.a, Rodriguez II.a, Alkizalete II.a, Kañamares III.a, A.Mindegia eta Atutxa II.a. 23 urtez azpikoetan, berriz, ondorengo hauek arituko dira: Mugertza II.a, X.Mindegia, Rekondo, Gorriti III.a, Amillano, Aldape, Rodriguez II.a, Atutxa II.a eta Mugertza II.a.

Maila horietan Atutxa II.a izango da faboritoa 18 urtez azpikoetan, Mugertza III.arekin batera. Bi horiek dira adinean zaharrenak ere, eta badirudi besteak baino koska bat gorago daudela. 23 urtez azpikoetan, berriz, faborito dezente agertzen dira, eta edonork eraman dezake txapela.

Helduetan bezalaxe, gazte horiek ere finala Azpeitian izango dute, eta horiek ere ekainaren 9-10eko asteburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo