GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Eskolak euskalduntzearen aldeko kolore guztietako protagonistak

Derrigorrezko eskolaldia bukatu ostean, ikasturtero 14.908 ikasle euskara jakin gabe ateratzen dira ikastetxetik; Euskal Herriko ikasleen %65, hain zuzen ere. Datu gordin horiek, gure herrian barrena ezarri dituzten lege, dekretu eta neurriez gaindi, eskolak euskalduntzen ez duela fro-gatzen dute. Aldaketa garaiak datoz, ordea, Euskal Herrira, eta ikasle orori euskaraz jakitea bermatuko dion hizkuntza politikaren aldeko hautua egitea da Eskolak Euskaldundu herri ekimenaren itxa-ropena.

Oihana LLORENTE

Azken ikasturteetan egindako azterketek argi erakutsi dute gure herrian indarrean dauden hizkuntza politikek porrot egin dutela. Eskolak Euskaldundu herri ekimeneko kide Ibai Redondoren aburuz, abian diren ereduen politikak ez dira baliaga- rriak euskal belaunaldi berriei euskararen jakintza bermatzeko, eta hori frogatze aldera, hainbat datu aurkeztu ditu. Aztiker Ikerguneak egindako lana iturri gisa erabilita, Redondok GARAri adierazi dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen erdiak soilik ateratzen direla ikastetxetik euskara jakinda; Nafarroan datu horiek %20ra jaisten dira, eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleriaren %4 eta %5 artean irteten dira euskaldunduta.

Aztikerrek egindako azterketaz gain, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Ordezkaritzak azterketa sakona egin zuen duela bi ikasturte, eta bertan ere ereduen politika agortu dela islatzen zen. Redondok adierazi duenez, datuek honakoa zioten: A ereduan ikasten duten ikasleak ez dira batere euskalduntzen; B ereduak hiru ikasletik bakarra euskalduntzen du, eta D ereduak hiru ikasletik bi euskalduntzen ditu.

Egoera «oso larritzat» jotzen du Redondok, baina itxaropena ere badu; haren aburuz, eskolak euskalduntzearen aldeko eskakizun soziala gero eta hedatuagoa baitago.

Azken urteetan, eskolak Euskal Herriko ikasle guztiei eus-karaz jakitea bermatzearen aldeko eskariaren akuilu izan dira hezkuntzako eta euskalgintza-ko hainbat eragile, eta horren lekuko Eskolak Euskaldundu herri ekimena da. Lau urte di- ra herri ekimenak lehendabi- ziko pausoak eman zituenetik, eta gaur egun hamaika eragileren babesa du.

Salaketa lan handia izan da urte hauetan, eta horren adibidetzat iazko ikasturtean 107.768 herritarren izenpetzea eskuratu izana aipatu du herri ekimeneko kideak. Haren iritziz, herritarrek eragindako presioak erakundeak jarrerak hartzera behartu ditu.

Eskolak Euskaldundu ekimenaren azkeneko xedea Euskal Herri osoan ikasle guztiak euskalduntzea bermatuko duen eredu bakar eta euskalduna eskuratzea da. Horretarako argi dute, erakundeek bultza ditzakeen aldaketen zain egon gabe, ikasleek, irakasleek, zuzendariek, gurasoek edota herritarrek izan behar dutela benetako protagonista.

Ruben Sanchezek Gasteizko San Viator eskolan egin zuen derrigorrezko eskolaldia; A ereduan ikasi zuen, eta bere burua «kaltetutzat» jotzen du. Hamasei urte bete zituenean eta derrigorrezko eskolaldia behin bukatuta, euskaraz hitz egiteko gaitasuna ez zuela ikusi zuen, eta bere kabuz barnetegietara jo zuen. Lauzpabost udara igaro zituen euskara ikasten, eta jasotako diru-laguntza bakarra bere amarena izan zela aitortu digu. Egun euskaraz ederki aritzen bada ere, berari gertatutakoa ondorengo belaunaldiei ez gertazea exijitu nahi izan die hainbat erakunderi.

Barne gogo batek bultzatu zuen gasteiztar hori euskara ikastera. «Betidanik izan nuen gogoko», adierazi dio egunkari honi. Baina ikastetxeko euskara eskolak gogoratzean tristatu egiten da. «Euskarako irakaslea ikasgelara sartu eta ez zigun euskaraz agurtu ere egiten», esan digu. Garai haietan haren gelakideak zirenek euskaraz ote dakiten itaundu, eta ezezko biribil batekin erantzun digu.

San Viator eskola Sanchezen etxetik gertuen zegoen eskola zen, eta senideek ezagutzen zuten bakarra, horrexegatik bida- li zuten semea bertara. Sanchezek gurasoek izandako infor-mazio falta kritikatu du. «Gurasoek seme-alabak euskaldun- duko direlakoan matrikulatzen dituzte eskolan, baina denborak erakusten du ez dela horrela», adierazi du. «Gurasoen erabaki eskubidearen gainetik, ez al dago ikasleek euskara jakiteko duten eskubidea?», itaundu du Sanchezek.

Gure herrira atzerritik datozen pertsonak ereduen politikaren kaltetu nagusiak izan ohi dira. Eskolak Euskaldunduren ustez, sarritan administrazioek desinformatu egiten dituzte pertsona horiek, eta seme-alabak eredu erdaldunenetan matrikulatzeko proposamena egiten dietela salatu du ekimenak.

Diana Neger Gasteizen bizi den berlindarra da, Euskal Herrira duela urte eta erdi etorri zen, eta bere asmo nagusia euskara ikastea zen. Berlindar gazte horrek Filologia ikasten zuen Alemanian. Bertan, euskararen gaineko ikastaro batean izena eman zuen, eta «zoragarria» iruditu zitzaion hizkuntza; hori dela-eta gure herrira etortzea erabaki zuen. Jada Gasteizen zegoela, herritar ugarik euskaraz ez zekitela eta hura ikasteko asmorik ez zutela ohartu zen; «oso tristetzat» jo zuen jendeak bere herriko hizkuntza ikasi nahi ez izatea.

Egun AEKn dabil euskara ikasten, eta bere egoerak euskal herritar ugariren arreta erakartzen duela esan digu. Haren euskara irakaslea Ane Agirregomezkorta da, eta hamasei urte daramatza euskara eskolak ematen. Hasieran «ofizioz baino gehiago afizioz» hasi zela aitortu digu. Eskolak ematen hasi zenetik, ikasleen tipologia erabat aldatu dela uste du. Hasieran, ikasleak motibazio emozional batek bultzatuta jotzen zutela euskaltegira esan du, baina egun, horrelako ikasleak daudela dioen arren, gehienak titulu baten bila doazela adierazi du.

«Non ote arazoa?»

Urteak joan urteak etorri, derrigorrezko eskolaldia bukatu eta euskara maila txukunik gabe euskaltegietara doazen ikasleak ugariak direla deritzo gasteiztar horrek. Ereduen politikan aldaketarik egin ezean, egoerak bere horretan jarraituko duela uste du. Agirregomezkortak «arazoa non ote dagoen» itaundu du, ez baitu ulertzen horrenbeste urteren ostean egoera berean jarraitzea, eta auzi horretan ardurak dituztenei gaiari «adarretatik hel» diezaiotela exijitu die.

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak irakasleen inguruan ere badu zer esana, ez baitu ulertzen nolatan oraindik ere irakasle eskoletatik irteten diren irakasleak elebakarrak izan daitezkeen edota egiten diren kontratuetan elebitasuna nahitaezkoa ez den. «Zein aldaketa asmo dute administrazioek elementu hauek bere horretan mantenduta?», galdetu dute.

Horiek hala, herri ekimen horren aburuz, hizkuntza nazionala jakitea herritar guztiei bermatzeko gizartearen presioa ezinbestekoa da. Horregatik, ez dute eskuak gurutzatuta eta zerura begira gelditzeko inolako asmorik, eta lanerako gonbidapena egin diote gizarteari. Hurrengo hitzordua larunbatean izango da, goizeko hamar eta erdietatik aurrera, Donostiako Antigua pilotalekuan.

Protesta eta jaia uztartu

«Garaia delako, bai eskolak euskalduntzeari! Euskara ezagutzea denon eskubidea» lelopean jaialdia izango da larunbatean, Donostiako Antiguako pilotalekuan. Eskolak Euskaldundu herri ekimenak antolatutako jardunaldia 10.30ean abiatuko da trikitalarien bidez, eta ordubete geroago ekitaldiari hasiera emango diote. Bertan, hainbat aktoreren pasarteak, Porrotx pailazoaren agerraldia edota Pantxoa eta Peio kantarien saioa izango dira.

Eskolak Euskaldundu osatzen duten eragileek larunbatean ekitaldian parte hartzeko gonbita egin diote euskal gizarteari. Oihana LLORENTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo