GARA > Idatzia > Tau

REAL Champions LeagueTau Baskonia-Maccabi Protesta ekitaldia

Salaketa baketsua Israeli gaurko partidaren bezperan

Duela bost urte Poliziarekin izandako arazoez oroitu ziren eta Maccabi «talde non grato" izendatu zuten.

Arnaitz GORRITI | GASTEIZ

Haize ororen gainetik, Gasteizko Postas kalean hitzordua zegoen atzo, Tau Baskonia-Maccabi taldeen partida bezperan, Israeli Boikot euskal ekimenak eta Indar Baskonia taldeko zenbait kidek deitua.

Ikurrinak, Palestinako banderak eta baita «euskal preso eta iheslariak etxera» zioen kartel bat hartuta, hedabideei zaletu hauek «kezka» eta «egonezina» azaldu zuten Israelgo Maccabiren helduera zela-eta. Hala, Israelgo taldea «talde non grato» eta haren zaleak «persona non grata» izendatu zituzten manifestu bateratu batean.

«Modu baketsuan, baina indar guztiz» egin zuten beren salaketa. Indar Baskoniako Ibai Trebiñok lehen eta Israeli Boikot euskal ekimeneko Ruben Sanchezek ondoren. Hasteko eta behin, atzokoa ez zela «Indar Baskoniaren komunikatu ofiziala» argitu zuen Trebiñok. «Orain dela bost urte Mossad-ek eta Ertzaintzak koordinaturik hartutako neurri polizialik berriz ere gertatzerik ezin dela onartu», adierazi zuten jarraitzaileek.

Duela bost urte «pabiloi osoa miatu zuten haurrak barne: «Kamisetak, palestinar zapiak, ikurrinak kenduarazi zizkiguten eta kantxan Israelgo propaganda ezarri zuten».

«Estatu sionistaren» interesak

Duela bost urteko erreferentziaren ondotik, «estatu sionistari» buruzko kritika nabarmendu zuten komunikatuan.

Ez dute onartzen Israelgo taldeak Euroligan izan daitezkeen bakarrak izatea; eta Libanon, Jordanian, Sirian... dauden taldeak baztertzea.

Aldi berean, zaleek ez dute onartzen Israel «estatu sionistaren» interes poltikoak kirol leihaketen bidez ezartzerik ez eta zuzenbide estatu legezko itxurak ematea ere. Komunikatua amaitu zuten esanez, inongo euskal taldek ez lukeela talde israeldarren kontrako partidarik jokatzerik onartu beharko iritzi zioten. Baita euskal zale guztiek odolez zikindutako partida hauek boikoteatu behar liratekeela ere, Maccabi Tel Avivi beren gaitzespen osoa adierazi diezaioten.

Gaurko, berriz, ez dela «bestelako ekintzarik» burutuko eta «duela bost urteko gertakaririk ez dadila errepikatu» aipatu zuen Ruben Sanchezek ekitaldiari amaiera emateko.

Ertzaintzaren kontrol neurriak gaurko partidan

Ertzaintzak, gaurko Tau-Maccabi Tel Aviv partidarako, ohiko segurtasun protokoloa martxan jarriko du. Hala ere, segurtasun indargarri berezia aurreikusirik dago neurketaren garrantzia dela-eta. Barne saileko Joko eta Ikuskizunen departamentuaren arabera neurtzen da segurtasunaren zenbaterainokoa.

Atzo goizean iritsi zen Gasteiza Maccabi Tel Aviv

Bere ohiko segurtasun neurriekin, atzo goizeko 10.00etan iritsi zen Maccabi Tel Aviv Gasteiza, hiriko giroari arrotz. Goizez Mendizorrotzan entrenatu ziren eta, atseden hartu ostean, partida orduan entrenamendua egin zuten Araba Arena pabiloian Neven Spahijaren gizonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo