GARA > Idatzia > Editoriala

Hezkuntz eragileekin landu beharreko plana

Tontxu Camposek hizkuntz ereduak aldatzeko proposamenaren ildo nagusiak jakinarazi zituen atzo Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Lakuako sailburuak aurkezturiko plangintzak asmo nagusi bat dauka: Derrigorrezko Hezkuntza bukatutakoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle guztiek EAEko bi hizkuntza ofizialetan ondo komunikatzeko gaitasuna izan behar dute.

Hezkuntz ereduen aldaketa abiatzeko Camposek Hezkuntza Sailak eginiko txostena oinarritzat hartu du. Txosten horren arabera, egungo hezkuntz ereduek ez dute bermatzen laurogeiko hamarkadan Euskararen Erabilpena Normaltzeko Legeak finkaturiko helburua. Hezkuntza eta euskara arloan ari diren eragile askok porrot hori aurrez ikusi zuten aspaldi. Izan ere, 2005. urtea arte Legebiltzarra ez zen horretaz jabetu, eta ez zuen hezkuntza ereduen aldaketa bultzatu.

Campos sailburuak ezagutarazi duen planak oinarrizko helburuari heltzen dio eta asmo hori gauzatzeko bidean euskarak hizkuntza nagusia izan behar duela aldarrikatzen du. Izan ere, tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera ikastetxe bakoitzak aukera izango luke bere plangintza garatzeko. Edonola ere, bere hizkuntz proiektua gauzatzerakoan, ikastetxeek hizkuntz eredu berriak ezarriko dituen esparrua eta helburu orokorrak kontuan hartu behar dituzte. Hala nola hezkuntza egitasmo eleaniztuna garatzeko eskatu zaie ikastetxeei, eta horren balioa txertatzeko bi ebaluazio sistema jarriko dituzte martxan. Frantsesaren eta ingelesaren ezagutza zabaldu nahi du, bestalde, eredu berriak. Atzoko aurkezpen orokorraren ostean hemendik aurrera hasiko da benetako lana: proposamenaren mamia atalez atal zehaztearena. Hezkuntza eragileen ekarpenak kontuan hartu behar dira, adostasun ahal den eta zabalena lortuta. Azkenik, eredu «bakarra baina malgua» martxan jartzen bada, horrek apustu sendoa eskatzen du. Aurrekontuetan bereziki islatuko da noraino iristen den hezkuntza euskalduna, eleaniztuna eta kalitatezkoa bermatzeko konpromisoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo