Luix Barinagarrementeria Olaiozola, Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteko kidea
Txiripazko askatasun agiangoa
Zorionez ala zorigaiztoz oso barrutik ezagutu nuen hasieratik hemezortzi-marra-laurogeita hemezortzi zenbakidun auzia. Zorionez, epaitegiko auto batek baimenduta, gau partez atxilotuta, etxetxoa miatuta, Madrilera Peugueot 205 polizi autoz garraiatuta eta Soto del Real Madrileko gaualdi ero baten ostean irteteko aukera eman zidalako On Baltasar Garzon jaunak, zorionez diot, gerora, prozesatuta izanik, arrazoi ulergarririk ia gabeko beste auto batean prozesua bertan behera nerekiko utzi izanagatik. Zorionez, makro-hiper-mega-kriston-sumario horretan eta horren segidako beste hainbatetan ezagunak diren eta ezezagunak diren herritar batzuek jasan zituzten torturak ez nituelako ezagutu. Zorionez, askatasunik gabeko aldia, aise pasa zelako. Zorionez, 2005eko azaroan hasitako auzi-saiora ez dudalako akusatu eran egunero, egunero eta egunero joan beharrik izan, adiskideak, senideak, beharra eta maiteñoa utzita. Zorionez espetxe zigor eskari zamarik ez baitut ene sorbaldan. Txiripaz. Ez eta zuk ere. Oraingoz.
Zuzenbidearen bidea zuzenetik jarraitu izan dugunok, horretan hasi baikinen ikasten eta ikusten, gero eta argiago dugu berarekin eta bere bitartez jorra daitekeen bidearen traza. Okerrena marrazteko ere zuzenbidea ongi ezagutu behar da. Okerbidea eraikitzeko ez da Portu, Ubide eta Bideetako ingeniari onenaren laguntzarik behar, ez, Zuzenbidea eraikitzeko behar ez den bezala. Okerbideena izatera irits litekeen bidea lortzeko, paradoxa bada, auzitegietara egin behar da jauzi, lehenik. Bai, ados, txiste edo hitz joko erraza, errazegia da lotu dudana. Txistea balitz, ordea, bai. Montesquieu (Mendi-kiu esaten genion ikasle garaian), Beccaria eta Rousseauz tindatu zituzten gure zuzenbidearen oihalak. Egin nezakeen orain, 18/98 eta auzi-senidetuetan oinarrizko zein arruntak diren eskubideen urraketen zerrenda osatu bat, banakatua, zehaztua eta frogez hornitua, nazioarteko hitzarmen, legediaren eta jurisprudentziaren azterketa konparatua. Mereziko luke, baldin eta ni baino jurista zorrotzagoak eta analisi egile kontenplalari finagoak direnek egina ez balute. Baina, ari dira egunotan akusatuak direnen letraduak, Zelai-Etxe anparurik gabeko hartan toga beltzaren azpian, (Zergatik dira toga beltzak eta ez txuriak edo gorriak, esate baterako?) izerdi, buruko min eta inpotentzia larriz, azken bederatzi urteotan zehar, eta azken hamasei hilabeteko saioan zehar, etengabe, goiz eta arratsalde izan diren eskubideen-urraketak Espainiar legediaren araberako txandan magistraduei adierazten, ikusarazten, ulertarazten, hedabideen bidez dakigun bezala.
Baina izan gaitezen zintzoak geure buruekin. Bakoitza berearekin, hasteko. Botere Judizial bat, Ibarretxe bi aldiz deitu duena errudundu gisara Arnaldorekin elkarrizketatzeagatik, arrazoi berberagatik López eta Ares ere deitu dituena, Otegi, Barrena eta Petrikorena ere errudun gisa deitu dituena deklaratzera (baina horiek... beraien artean kalakatzeagatik zigor bidean ipiniko ote dituzte? Zigor Freudianoa?). Botere Judizial bat, armarik gabeko talde armatuaren delitua egitea ahalmendu duena, iskilu eta bortizkeriarik gabeko terrorismoa asmatu eta eraiki egin duena, zer espero dugu hortik? Botere Judiziala, ordea, ez da airez elikatzen eta egunotan preso jakin baten jarrera tinkoak, zirrikituak amildegitu egin ditu Espainiako bi alderdi nagusien arteko malerusa. PSOEko Justizia ministro izandakoa, justiziarekin kitapena egina zuen herritar baten zigorra lortzeko frogak sorzeraino iritsi gara. Ez zen PPkoa izan, pentsa. PPkoak, Tejeroren saiakeretik De Juanarekin hartutako erabakia «demokrazia» garaiko larriena izan dela esatera iritsi dira, urruti joan gabe, Madrilgo M-11ko auzia pil-pilean dagoenean. Konturatzen al gara non gauden? Eta adi, PPkoen aurreikuspenetan, antza, Judiziamendu Kriminaleko Legedian, txiripazko askatasuna deiturikoa ezartzearekin batera, Zigor Kodean Poliziak ETAkotzat hartu den bat erditu denaren ama eta hazi-emailea, ETArekin kolaborazio deliktuagatik zigortuak izatea onetsia baitago. Ez dut azken horren daturik, baina atzo amestutakoa da.
Zer espero da `Gotzone Harresitxo' andereak gidatzen duen auzitegiaz, defentsek eskatutako orori ezezko bortitz, bezain begirunerik bakoa eman diotenean, sarri, modu zakar eta zarpailez eta sarriegi, begirune profesionalari eta gizatasunari izkin eginez? Bi kakotx horu hedabide kenduta, zeinek egin du auzi-saio Guinnessiarraren jarraipen tajuzkorik?
Nere helburua, hausnarketatxo xume bat zuenganatzea baino ez da. Oso nerea eta umila. Nere ni juristak baino gartsuago, nere ni gizatiarrak agintzen didana, nere ni euskaldunak, ni independentziazaleak, ni koherentzia-zaileko-ezkertiarrago horrek, nere ni guztien batzarra eginda, jakina, zuetako zuek askorekin bat egin beharra gura dut agerian utzi. Izan nahi bat da funtsean min ematen diena, baina erotu erotu, nahi hori, agertzea eta saiatzea egiten ditu, emaztea jipoitzeraino senarra eramaten duen bezala. Bere defektu eta birtute guztiekin, herri aske horren bila joateko antolakuntza eta saiakera serio eta zintzo oro da deuseztatu nahi dutena. Eta egia borobila, horren alde egiten duzuna egiten duzula, aske izateko aukeren ehuneko handia zeharo ahituta duzula, balizko eta agiango askatasunaren sarean zaudelako.
Bihar, faszisten Madrilgo manifesta-penarekin berunez ehuntzen saiatuko diren sare horretan zulatua ahalik eta handiena egiteko deitu eta gonbidatu nahi zintuzket, atrebentzia ezpada, Bilboko manifestalaiara. 18/98+... Apal baina sendo. Gora zulatua!