GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Egun bat munduaren inbidia eragiten

Ia egunero ospatzen edo oroitzen da zerbait; gertakariren bat, giza kolektiboren bat... egun bat, eskuarki nazioartekoa, eskainiz. Liburuek beren eguna duten moduan, haur gosetiek ere berena dute. Hori da hori zorte ona. Bizitza latza dute, baina ez luzaroan, eta halako inbidia ematen dute beren nazioarteko egun horretan. Animaliek ere badute beren eguna. Eta animalia, animaliago izateko gogoa ematen du Asisko San Frantziskoren egunak. Zenbait elizatan bedeinkatu egiten dituzte. Duela 31 urte milaka langile Gasteizko San Frantzisko elizara bildu ziren, baina okerreko egunean eta, intsentsu barik, bolbora jaso zuten. Amorruaren ondorioz, sarraski hura egin zutenak basapiztiak zirela esan zuten. Basapiztiagoak agindu zutenak. Beste garai bat zen, ordea. Ondoren parlamentu eta lege demokratikoak etorri omen ziren, eta orduko basapiztiak Zuzenbidezko Estatuak bedeinkatzeko moduko animalia bihurtu ziren. Eta niri burura etorri zitzaizkidan horiek lehengoan, alabak eskolako etxeko lanak egiten ari zela galdetu zidanean zer esan nahi duen «asto bizi, asto hil». Ligeix bertsolari zuberotarrak ederrago kantatu zuen: «Basta ederragatik, asto dük astua».

Atzo, berriz, emakumeek eman ziguten inbidia, beren nazioarteko eguna zen eta. Merezi du urte osoa langabezian baina ordaindu gabeko lan etengabean, edo beren soldata gizonezkoena baino eskasagoa izanda, jipoi ikaragarriak jasota, beharbada hainbat gizon berentzako nazioarteko egun baten bila dabiltzala. Merezi du hori guztia jasatea egun batez munduaren begiradapean egoteko. Afganistango emakumeei, ordea, egun bat baino gehiago eskaini die Nazioarteko Komunitateak: gerra oso bat. Haien egoerak, haien libertate faltak berdintsu dirau, baina denboralditxo batez mundua begira izan zuten. Tira, emakumeek badute beren eguna eta, gainera, dagoeneko ez dituzte fabriketan erretzen. Zer gehiago nahi dute?

Euskal Herrian emakume askok, larrutik ordainduta, agerian utzi dute hipokrisia hori. Gerran bizi izan direnak, diktaduraren eta elizaren eragin itogarria jasan dutenak, tortura eta kartzela -beraiek edo beraien senideak- ezagutu dutenak... Euskalduna eta emakumea izatea, langilea, gaztea izatea, senideak eta lagunak babestea, koktel arriskutsu horren ondorioak sufritu eta sufritzen dutenak. Asko direnez, haien ordezkari ezin duinagoa ekarri nahi nuke lerrootara: Josefa Arregi. Musu handi bat hari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo