Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Zazpi suta madarikatuek!!
Nola ulertu erakundeek bidaltzen dizkiguten mezu kontrajarriak?: etxe hutsen erabilera bultzatzeko zerga, ingurumenaren aldeko kanpainak, babes ofizialeko ehunka etxeren zozketak... Guztiok behar al dugu etxe berri bat?
Ipurdi bategaz hogei aulki bete nahian dabilenari horrela deitzen zaio nire herrian, eta horretan dihardu edonork, etxebizitzen afera arazoa bihurtuz.
Zer gertatuko ote da etxeak egin eta egin dabilenean eta inoiz ez denean asetzen, dioen legez, herritarron eskaera? Ez da izango baten batzuk dabiltzala etxe hauez guztiez jabetzen eta beste batzuen eskubidea urratzen? Inork ez du erantzuten, baina kontuan hartu Euskal Herri osoan 450.000 etxe huts daudela; azkar konturatuko gara berba politak eta itxurakeriak baino ez direla. Norentzat dira etxebizitza berriak? Zer egin behar dugu etxe huts eta zaharrekin?
Galdera larregi erantzun barik, bitartean erantzun modura etxe politika zoroa bultzatzen ari gara; Iruñe ondoko herri berri eta nortasun gabea bultzatzea, Getxoko 8.500 etxebizitzaren proiektua defendatzea, Bakioko txaletak eta golf zelaiak inposatzea, Iparraldean jatorrizkoak desagertzen dauden bitartean udatiarrentzat egiten diren etxeen kopurua gehitzea... eraso larregi herri txiki honetarako, zeren berriro diot, lurraren zabalerak eta biztanleen hazkundeak ez diote beharrezkoak direnik horrelakoak.
Adibide gisa adierazi dituen datuak Bizkaiko Foru Aldundiak: herrialde honetan nahiz eta azkenetako urteetan biztanleak gutxitu, badirudi hemendik 8 urtera Bizkaiko kostaldean baino ez 38.000 etxebizitza egingo direla. Eman bueltatxo bat Urdaibaitik eta ikusi gertatzen ari dena. Hemen bizi garenok ondo dakigu etxe hutsak gehitzen doazen heinean etxe berrien eskaera ere gehitzen doala, aspaldiko datuek diotenez, gero eta gehiago dira bertokoak edo kanpokoak bigarren etxe bat daukatenak inguru honetan, baina etxe gehienak hutsik daude ia urte osoan. Beraz, nola ulertu erakundeek bidaltzen dizkiguten mezu kontrajarriak; zerga berriak jarri etxe hutsen erabilera bultzatzeko, ingurumenarekiko errespetuaren aldeko kanpainak, babes ofizialeko ehunka etxeren zozketak... baina zer da hau? Leloturik gaudela ez jakiteko neurriz kanpo dagoela hau guztia? Guztiok behar dugu etxe berri bat?
Zementuak inbaditzen dizkigu dauzkagun lur txikiak, horrekin batera autoei ematen diegu lehentasuna errepide zabalagoak eginda, bitartean pertsonak gero eta espazio gutxiago darabilgu txarto deitutako «progresoaren» mesedetan, baina badaude irtenbide asko horrenbesteko obratan sartu barik; hasteko, eta lehenbailehen, dauzkagun etxe zaharrak edo ez hain zaharrak egokitu eta erabili, horretarako behar diren laguntzak emanda eta orubeen legea martxan jarri leku bakoitzeko errealitatera egokituta.
Aferari lotuta herri txiki eta zaharretan bazterketa bat gero eta nabarmenagoa da, okintsuek eta gazteek alde egiten duten artean etxe berrietara eta garestienetara, txiroenak, zaharrak edo errekurtso gutxikoak bazterturik geratzen dira, eta auzo «gaixoak» sortzen dituzte alde zaharragoetan, baliabideak ere auzo berrietan sortzen direlako, beraz.
Garaiz gaude zoramen honetatik ateratzeko. Boterean daudenek ez dute onartuko zementu-politika gelditzea. Horretarako, herritarron antolaketa eta gogoetak ezinbestekoak dira.