GARA > Idatzia > Kultura

Kontzertu «bereziki gogoangarriak" prestatzen saiatu da Sagarrondotik

Julieta Venegas, James Taylor eta Raimundo Amador izango dira, Atom Rhumba, Skalariak eta Zea Maysekin batean, Sagarrondotik-ek martxoaren 16an eta 17an Hernanin antolatu dituen kontzertuetako izarretako batzuk. Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteko kideek, hainbat musikarik lagunduta, atzo aurkeztu zuten ofizialki kartela. «Kontzertuok bosgarren aldiz egingo ditugu aurten; hori dela-eta, egitarau gogoangarria prestatzen saiatu gara", esan zuten.

Martin ANSO | DONOSTIA

Azken urteotan, udaberri atarian, kontzertu handiak antolatu izan ditu Hernanin Sagarrondotik-ek; Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak, alegia. Aurten ez du huts egingo, eta, Aitziber Ezkerrak eta Ima Otamendik atzo adierazi zutenaren arabera, martxoaren 16an eta 17an egingo dituztenak «bereziki gogoangarriak» izango dira. Helburu horrekin prestatu dute, behintzat, kartela. «Kontzertuon bosgarren urtemuga dela-eta, opari bat egin nahi izan diegu jarraitzaile eta laguntzaile guztiei», adierazi zuen Ezkerrak.

Sagarrondotik-en kontzertuek askotariko musika eskaintzea izan dute orain arte ezaugarri nagusietako bat, eta aurtengo kartela ere horren lekuko da.

Martxoaren 16an, Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, La Inconsciencia de Uoho eta The Bon Scott Band arituko dira. Zarauzko Delorean aurtengo «ustekabea» izan daite- keela uste dute antolatzaileek. Skalariak taldearen kontzertua berezia izango da; izan ere, aurten hamar urte egin ditu banda horrek, eta Hernanikoa izango da urtemuga ospatzeko egingo duen Ska Republik biraren lehen emanaldia. The James Taylor Quartet banda ingelesa da, bizkarrean hogei urtetik gorako eskarmentua duena. La Inconsciencia de Uohok Hernanin egingo du estreinako kontzertua; talde berria da, baina zaleek ederki ezagutzen dituzten musikariek osatua, zehatz-mehatz, hor ari dira Iñaki Anton «Uoho» eta Extremoduroko zenbait kide. Gaua biribiltzeko, antolatzaileek The Bon Scott Band aukeratu dute. «AC-DCri ohore egiten dion banda katalana da», esan zuen Ima Otamendik.

Martxoaren 17ko apusturik handiena Julieta Venegas-ena da, baina gainerako jotzaileak ere punta-puntakoak dira. Horra hor Atom Rhumba, Zea Mays eta Raimundo Amador. Gaua biribiltzeko, beste talde katalan bat, Obrint Pas, azkenaldion Euskal Herrian ere ospe polita lortzen ari dena.

Kontzertuak Landare errugbi zelai ondoan paratutako 3.000 metro koadroko karpan egingo dituzte. Beste bi karpa txikiagotan, berriz, mokadu bat jateko eta upeletatik sagardo pixka bat eroso edateko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Kontzertu bakoitzeko sarrerak 21 euroan daude, aldez arretik erosiz gero; leihatilan bertan, berriz, 24an. Bi kontzertuetako bonoa ere eskura daiteke, 36 euroren truke.

Fitxa

Martxoak 16: Hernaniko karpan, 21.30ean, Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, The Bon Scott Band eta La Inconsciencia de Uoho.

Martxoak 17: Hernaniko karpan, 21.00etan, Zea Mays, Obrint Pas, Atom Rhumba, Maneta de Kamioneta-Raimundo Amador eta Julieta Venegas.

Martxoak 18: Urnietako plazan, 10.00etan, Sagardo Festa; frontoian, 11.00etan, herri kirolak.

Sagardo Festa eta herri kirolak, Urnietan

Azken urteotan bezala, kontzertuak ez ezik Sagardo Festa ere antolatu du Sagarrondotik-ek. Festa hori martxoaren 18an izango da, Urnietako Plazan. Bertan, goizeko hamarretatik aurrera, Buruntzaldeko artisau produktu azoka egingo dute. Burduntzian erretako arkumea jateko eta Urnietako bertako sagardoa edateko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Sagardo Festarekin batean, baina frontoian, hamaiketatik aurrera, herri kirolak egingo dituzte. Hor arituko dira zazpi probatan zein baino zein Urnietako, Astigarragako, Hernaniko eta Usurbilgo taldeak. Azken urteotan ikusmin handia sortu du lehia horrek. Aurten, gainera, bada berezitasun bat. Mari Jose Sardon harri-jasotzaile urnietarra errekor berria ezartzen saiatuko da. 113 kiloko harri zilindrikoa bost minutuko txandan altxatzea du helburu.

M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo