GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Museoko «leihoak" zabaldu nahi ditu Zulaikak

Rafael Zulaika San Telmo museoko zuzendari ohiari eman diote Baionako erakustokia berpizteko ardura. Museoa egoera kaskarrean zegoela-eta, kudeaketa Kontseilu Nagusia, BAB herri elkargoa eta Baionako Herriko Etxearen artean banatzeko erabakia hartu da ere bai.

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako Euskal Museoak berregituraketa sakona izango du ondoko asteetan. Duela urte bat eta erdi erakustokiak egoera kaskarran zegoela iragarri ondoren, ikusle kopurua handitu eta museoaren eragina hedatzearen beharra nabarmendua izan zen.

Horretarako, Baionako Herriko Etxeaz gain, kudeaketarako beste bi partaide lotu zaizkio: BAB herri elkargoa eta Kontseilu Nagusia. Hiru egituren artean sindikatu mistoa deituko den egitura berria osatuko dute.

Baina kudeaketatik at, museoa berpizteko «zuzendari-manager kulturala» baten postua irekitzeko beharra aipatu zen ere bai. Eta, postu hori betetzeko Rafael Zulaika aukeratu egin zutela adierazi zuten atzo sindikatuko kideek.

San Telmo Donostiako museoa hamar urtez kudeatzeaz gain, Bilboko Arte Ederretako museoan eta Donostiako Itsas erakustokian ere ibilia izan da Zulaika.

«Hiru egiturek bat egin dugu Zulaika izendatzeko orduan. San Telmo museoa urte askoz kudeatu du, eta lau hizkuntza dakizki, horien artean euskara», azaldu zuen Jean Grenet herriko auzapezak eta euskararen ezagutza ezinbestekoa zitzaiolakoan.

Arlo horretan, izan ere, Herriko Etxeak lan sakona bideratzekotan zegoela jarraitu zuen esaten. Zulaikak bere aldetik, museoen profesionala eta kultur zaletasuneko gizona izateagatik aurkeztu zuen bere burua.

«Ez da erabaki erraza izan lanpostu horretan nire burua aurkeztea, baina, erronka interesgarria iruditu zait», argitu zuen. Baionako Euskal Museoan bideratuko duen lan ildoari dagokionez, zuzendariak deus erran aurretik herritarren «iritzia jasotzea» zuela xede esan zuen.

Imajinazioa landu

Museoaren «dirdira» edo eraginari dagokionez, animazio eta komunikazio arloetan hainbat gauza egitear zeudela azaldu zuen. «Euskal Museoak bilduma oso aberatsa dauka. Horren bidez, gauza asko pasatu ahal dira», nabarmendu zuen.

Arlo guzti horiek behar bezala lantzeko, Rafael Zulaikak argi utzi zuen ezinbestekoa zela Museoko paretetatik at dinamika bat sortzea.

«Dagourette etxearen leihoak ireki behar dira» esaldia adierazi zuen eta Museoko bildumak erakusteko orduan «alaitasun» handiagoa azaldu beharko zela erran zuen.

«Ez da itxaron behar jendea gaztelura hurbiltzea, baina, ikusleengana joan behar gara. Hori egin ahal izateko talde lana bultzatu eta imajinazio handia izan behar da», adierazi zuen gero segidan.

Museoa dirdiraraztea eta ikusle kopurua handitzea eskatu egin diote, beraz, Rafael Zulaika zuzendari berriari.

Horretara heltzeko eperik eman ez bazuen ere, itxaropena laburra izango zela goraipatu zuen zuzendariak. Eta, jadanik ondoko apirilaren 17an Baionako Euskal Museoan zabalduko den Gernika erakusketarako hitzordua finkatu zuen. Nolabait ere erakusketa hori ondoko hilabeteetan bideratuko duen lanaren lehen irudia izango zela adierazi zuen.

Azkenik, beste hainbat partaidek bezala Museoko adiskideen elkartearekin lanean hartzeko asmoa zeukala esan zuen.

Bestelako lan ildoak ere bai

Rafael Zulaika zuzendari izendatu zutela esateaz gain, Baionako auzapezak beste lan ildo batzuk azaldu zituen: Biarritzekin kultur sarea sortu; Museoko azken obrak bukatu; eta, etorkizunean, erakustokiaren paretak handituko dira.

«Baina, momentuko museoaren maila igo behar dugu. Eta, horretan maiatzan sortzekotan den sindikato misto egitura berria eta Rafael Zulaikaren kontratatzea daude», esan zuen Grenetek.

DINAMIKA BERRIA

Rafael Zulaikak jadanik ondoko apirilaren 17an Euskal Museoan izango den Gernika erakusketarako hitzordua finkatu zuen. Delako erakusketa sortzeko asmoa duen dinamika agerian jarri nahi izan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo