GARA > Idatzia > Kultura

«Insatisfakzioa da munduaren motorra, baita literaturarena ere"

Katixa Agirre, idazlea eta gidoIgilea. «Sua falta zaigu» narrazio bildumaren egilea.

Lehenengo zigarrotik lehenbiziko ezkontzara, intentsitate bereziz jantzitako zazpi istorio ehundu ditu Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) bere estreinako narrazio bilduman, gaztaro mitifikatuaren muga lanbrotsuak margotuz. Idazleak atzo aurkeztu zuen Bilbon «Sua falta zaigu» (Elkar).

GARA | BILBO

Gizakion larrialdiak, interes-talkak, komunikazio-arazoak, harremanen arrakalak azaltzen ditu ipuinotan Katixa Agirrek, begirada zorrotzaren eta gupidaren arteko orekarekin jokatuz. Egile horrek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioan eta Gidoigintza Madrilen. Hainbat lan izan ditu, hala nola telebistako erredaktore, bideo-jokoetako gidoilari edo enkarguzko biografia pribatuen idazle. Gaur egun doktoretza egiten ari da, Lolita pertsonaiaren bilakaerari buruzko tesi batekin, eta Publizitatea irakasten du EHUn.

«Sua falta zaigu». Metafora bat dirudi. Zer falta zaigu benetan?

Izen hori duen ipuinean nerabezaroaren metafora gisa uler daiteke, bai. Haurtzarotik ateratzear zauden garai horretan badirudi mundu berri bat duzula eskura, ezerk ez zaituela geldituko, baina errealitatea inposatzen da: eragozpenak, mugak, debekuak... nahiko garai frustrantea da. Nerabezaroko desengainu, insatisfazio, munduak zerbait zor dizun sentipen hori aurkeztu nahi nuen. Kuriosoena da, nerabezaroa utzi eta berdin jarraitzen dugula. Tabakoa lortzen dugu baina surik ez. Edota sua badugu eta, orduan, tabakoa galtzen dugu.

Liburuko lehen ipuinean neska koskor bat da kontatzailea; azken istorioan, berrogeien mugara iristen ari den gizonezkoa, eta denetan, ia konstante baten moduan, insatisfazioa...

Jakina. Publizistek ondo dakite bezero asebetea bezero txarra dela. Aldi berean, pertsonaia zoriontsu eta asebeteak ere jasangaitzak dira. Areago, ez dago istoriorik pertsonaia guztiz ziur eta guztiz gogobeteekin, hori narratibaren lege nagusi bat da. Insatisfazioa da, azken finean, munduaren motorra, baita literaturarena ere.

Ipar Amerikako ipuingileen irakurle etengabea zara

Etengabea? Ez, etenak egiten ditut eta tarte horietan bestelako lanak ere irakurtzen ditut. Baina egia da nahiko anglozalea naizela, kultura hegemonikoaren konkistatu bat, nahiago baduzu. Estatu Batuetatik, tradizio errealistako guruez aparte, azken hamarkadetan publikatu dutenak gustatzen zaizkit, David Leavitt edo Lorrie Moore, kasu. Britainiarren artean, asko maite dut Ian McEwan. Baina bitxikeriak ere irakurtzen ditut, euskal literatura, adibidez.

Ipuinaren generoan eroso zabiltzala dirudi. Beste alorretan ibilitakoa zara?

Hori badirudi, inpresio faltsua da. Sofan botata edo hondartzan liburu batekin, orduan eroso nago. Baina ipuinak idazten? Gauza asko senti daitezke, baina ez erosotasuna. Esango nuke seinale txarra izango litzatekeela erosoegi sentitzea.

Nire beste esperientziei buruz galdetzen badidazu, esango dizut poesiarekin, adibidez, udako afera bat izan nuela, baina azkenean berak utzi ninduela. Blogintza eta zutabegintza probatu ditut, eta pozik. Gidoilari moduan ere aritua naiz. Dena den, aipatutako hauek agian ez dira literatura generoak, ez dakit, egingo dugu mahai-inguru bat horren gainean, akaso.

Literaturari dagokionez, promiskuitatearen aldekoa naiz erabat: guztia probatu nahiko nuke, nobelagintza, saiakera, antzerkigintza... Kontua da, momentu honetan burura etortzen zaizkidan ideientzako ipuina dela forma naturalena.

Umore agerikoa erabiltzen duzu batzuetan, ironia meheagoa besteetan. Autodefentsazko mekanismoa da? Munduaren aurreko jarrera?

Umoreari izugarrizko garrantzia ematen diot, bizitzako arlo guztietan. Umorerik gabeko pertsonekin ez naiz ondo konpontzen, barregarriak iruditzen zaizkit. Eta ironiarik gabe zer egingo genuke? Ironiak erlatibizatzeko aukera ematen digu, geure buruari eta inguratzen gaituenari apur bat barre egiteko. Eta eskerrak, bestela nola jasan inguruan dugun petralkeria guztia?

Zure ezten zorrotzaz zirikatzen dituzu pertsonaiak sarri, baina esan liteke errukiz ere tratatzen dituzula.

Denetarako denbora dago. Oreka bat bilatzen dut. Ironia modu agresibo batean erabiliz, sarkasmo bihurtzen da, eta ez zait hainbeste gustatzen. Begiko ditut pertsonaiak; gauza da batzuetan uzkur eta kakati jokatzen dutela, eta orduan zirikatu egin behar ditudala.

Bada ipuin bat, «Festa gonbidatuak», aski diferentea da besteekin konparatuz.

Patricia Highsmith-en maitale baten memoria-liburua irakurtzen ari nintzela otu zitzaidan. Horretan bezala, «Festa gonbidatuak» ere Pensilvanian kokatuta dago, 60ko hamarkadaren hasieran, baina ez naiz gehiegi gelditzen garai eta leku hori deskribatzen. Azken buruan, pertsonaiak eta haien arteko harremanak direlako funtsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo