GARA > Idatzia > Kultura

Tolerantziaren gaineko iazko Juan Zelaia saria kaleratu dute

Rebeka CALVO | IRUÑEA

Lau hilabete eskas igaro dira iazko Juan Zelaia sariaren irabazlea Xabier Agirreren «Tolerantziaren gaineko disertazioa» izan zela ezagutarazi zutenetik. Bada, liburua kalean da hamaika euroren truke, eta Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

Egileak berak azaldu zuenez, lana «hainbat filosoforen gaineko ikerketetatik jaio» zen, eta ondoren «kultura orokorrarekin dekantatu» zituen ikerketak.

Agirrek, lehenik eta behin, tolerantzia kontzeptua «kristautasunaren zatiketa nagusiarekin batera» sortu zela agertu zuen; hau da, katolikoen eta protestanteen banaketarekin. Eta tolerantziaren gaineko hausnarketa egiteko, Espinosa edo Voltairetik gaur egungo filosofoetarainoko errepaso moduko egin zuela adierazi zuen.

Bi ondorio

Horiek hala, Filosofian doktore eta Zizur Nagusiko BHIko irakasleak laneko bi ondorio nagusiak azaldu zituen: «Batetik, tolerantzia jarrera bezala azaltzen dut; hau da, ez egitura filosofiko handi bezala, baizik eta praktikotasuna bilatuz. Bestetik, muturren artean akordioak har daitezkeela diot, AEBetan gertatu zen bezala; izan ere, han independentziaren gerran ikusi zenez, zenbat eta puritanoagoak izan, orduan eta errezago hartzen zituzten akordioak».

Agirreren ustez, gainera, tolerantzia eta axolagabekeria ez dira nahasi behar. «Beharbada axolagabekeria tolerantzia mota bat izan daiteke, baina nik ez dut hori defendatzen. Egokiena lehenik jarrera izatea izango zen; ondoren, jarreraren bidez, axolagabekeria horri buelta eman ahal izateko», esan zuen, alde horretatik.

Lanaren izenburua lehenik «Tolerantizaren gaineko hitz-aspertua» izan zen, eta Juan Zelaia 2006 saria ere izen horrekin irabazi zuen. «Hitz-aspertua etenik gabeko diskurtsoa denez eta ondoren egitura bat eman genionez, `disertazioa' hitza erabiltzea egokiagoa iruditu zitzaigun», azaldu zuen Agirrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo