GARA > Idatzia > Ekonomia

Administrazio auzitegiak EHLGren alde egin du fiskoen jarrera ilegaltzat emanez

Ainize BUTRON |

Euskal Herriko Laborantza Ganbara garaile agertu zen atzo Pirinio Atlantikoetako Zerbitzu Fiskaletako zuzendariaren aurka pausaturiko «urgentziazko proezeduran».

Izan ere, zergen administrazioak elkartea baino sindikatu lana egiten zuela leporatu zion EHLG-ri gutun baten bidez, eta elkartea sostengatzeko 1040 lagunek emandako sosak ez zirela zergetatik desgrabatzen ahalko argitu zion.

Erabaki hori aurreikusiz, elkarteak administrazio auzitegian urgentziazko prozedura bat abiatu zuen. Auzia joan den asteartean iragan zen, eta emaitza atzo plazaratu zen.

Auzitegiko epaileak bat egin zuen EHLGrekin, Zerbitzu fiskaletako zuzendariak bideraturiko prozedura ilegala zela esanez. Jean-René Etchegaray Laborantza Ganbararen abokatuak, epailearen arabera gutun hori bidaliz zergen administrazioko zuzendariak bere boterea gainditu duela esan zuen.

«Auzitegiak gutuna legez kanpo dela esanez, edukia bertan behera uzten du. Aurkako erabakia hartu balu, gutuna zergen zerbitzu guztietan banatuko zen, eta dekretu gisa baliatuko zen», azpimarratu zuen Ganbararen abokatuak.

Zerbitzu fiskalaren jarrera legez kanpotzat jotzeaz gain, Estatu frantsesa EHLGri 900 euro ematera kondenatu zuen ere bai. «Horiek aldi oro auzi bat eskatzen duen diru sahutzea betetzeko eskatu zieten», argitu zuen.

Gutun hori nola bidali zuten aztertzea helburu zuen lehen auzi horretan garaile agertu bazen ere, oraindik bigarren epaiketa bat egingo dutela gehitu zuen Etchegarayk.

Auzi horretan gaia sakonago aztertuko dute, eta hamar hilabete edo urte bat barru iraganen da.

Martxoaren 17a

«Administrazio auzitegiak gutuna deuseztatu badu ere, ez du sakoneko arazoa konpondu. Honela, zergak deklaratzeko orduan kontrola egiten duen pertsonak arazoak sortzen ahal dizkio desgrabazioa eskatzen duenari», nabarmendu zuen. Atzo EHLG garaile agertu bazen ere, martxoaren 17ko manifestaldi jai-girotsua mantentzea erabaki zuela jakinarazi zuen.

Mixel Berhokohirigoin ganbarako lehendakariak Zerbitzu Fiskalak egindakoa azken hilabeteotan izandako erasoen adibide bat baizik ez zela azpimarratu zuen. Oraindik bigarren auzia irabazi beharra zegoela argitzeaz gain, orokorrean Estatuko administrazioak «presio handia» egiten diela gogoratu zuen. «Maila guztietan oztopoak ditugu. Diru mailan, herriko etxeek ematen zituzten laguntzak debekatu dituzte epaiketaren bidez, Akitania eskualdeak presioak izaten ditu dirua emateagatik, eta Europak baita ere. Gainera, administrazioarekin harremanak izateko orduan oztopoak izaten ditugu ere», nabarmendu zuen Berhokohirigoinek.

Martxoaren 17ko ekintzaren bidez horiek guztiak salatzea izango da EHLG xedea. Baina, atzoko emaitza ikusiz, manifestazio horretara «baikor» abiatuko zirela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo