GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Goma gaineko Txapelketa

Abadiñok hirugarren txapela ere beretzat nahi du

Berdeek bi talde izango dituzte bihar arratsaldean Aiako probalekuan jokatuko den 600 kiloko finalean, eta hasierako helburua lehendabiziko bi postuetan bi taldeak sartzea izango da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketako hirugarren finala jokatuko dute bihar, Aian, 17.00etatik aurrera. Bertan, orain arte jokatu den ligaxkako estreinako sei onenak izango dira. Hori bai, hango puntuek ez dute balioko, eta finelan bertan lortutako emaitzak hartuko dituzte kontuan.

Honako talde hauek lortu dute finalean izateko txartela: Abadiño A, Abadiño B, Sokarri, Berriozar, Ñapurrak eta Amaiur. Beraz, hiru bizkaitar, bi nafar eta lapurtar bat izango dira txapelaren lehian arituko diren taldeak.

Orain arte ikusitakoaren arabera, garbi dago Abadiño dela txapela janzteko faborito nagusia. Ez litzateke harritzekoa izango gainera, bi taldeak estreineko bitan edo hirutan amaituko balute. Pisu guztietan berdeek besteen gainetik daudela erakutsi dute, eta haiei beste inork txapela kentzea oso zaila izango da.

Ligaxkan Abadiño B izan da onena, baina A edo B, hori gutxienekoa da, biak gauza bera baitira. Garbi dago finalean talde bat bestea baino indartsuago aterako dela, txapela segurtatzeko asmoarekin, baina estreineko bitan bi taldeak sartzea ere ez dute baztertzen.

Pisu honetan berdeei aure egin diezaieken bakarra Sokarri dela dirudi, hori da behintzat lehen fasean ikusi dena. Hala ere, Ñapurrak taldeari ere kontuan hartu beharko zaio, azken batean ligaxkan finala ziurtatzea izaten baita helburua, eta ez hura irabaztea, benetako erronka finala izaten baita. Dena dela, Abadiñok erabateko nagusitasuna erakutsi du gainerako pisuetan ere, eta ezuste latza izango da haiek lehen postuan ez amaitzea. Orain arte 680ko eta 640ko finalak jokatu dira, eta abadiñarrei ezin izan die inork itzalik ere egin.

Bizkaiko indarra

Goma gaineko sokatiran Bizkaian erabateko nagusitasuna ari da agertzen, ez Abadiñorekin bakarirk, Sokarri ere hor ari baita haiengana gerturatzen. Abadiñarrek, ordea, taldean tiralari asko dituzte, eta hori asko nabaritzen da.

Bizkaitarrak bakarrik, ordea, ez dira arituko, beste hiru talde ere ari baitira. Ñapurrak taldeak ahal badu hirugarren postua eskuratu nahi du, aurreko bi pisuetan egin duen bezalaxe. Lapurtarrek ere talde handia dute, eta azkeneko urte hauetan gorakada handia egin dute. Ezpeletakoen ispilua Bizkaiakoak dira, eta apurka-apurka haiengana gerturatzen joan nahi dute.

Berriozartarrek eta Baztandarrek, berriz, lan on bat egin nahi dute azkeneko saioan. Berriozar ongi ibili da lehen fasean, eta hori baieztatu egin nahi dute azkeneko egunean. Amaiur hemen izatea, aldiz, askorentzat ezustea izan da, Auzolan kanpoan geratzea izan den bezalaxe. Nafarrek, orain, ez dute galtzeko ezer, eta lasai plazaratuko dira, hasierako helburua bapo bete baitute. Jakin badakite azkeneko postutik ihes egitea ez dela erraza izango, baina horretan saiatuko dira, eta talde batek baino gehiagok, ezustekoren bat ere hartu dezakete. Finalaren aurretik egiten den pisatzea 14.00ean hasiko da.

Denboraldia amaitzeko pisu bakarra falta da

Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko pisu bakarra faltako da bihar Aian jokatuko den finalaren ostean. 560 kilokoak, pisurik txikiena, alegia faltako da goma gaineko lehiaketa amaitzeko. Pisu honi dagozkion tiraldiak datozen hiru asteburuetan izango dira. Estraineko biak, Oiartzunen eta Arrigorriagan jokatuko dira, eta finala, berriz, martxoaren azkeneko egunean izango da Abadiñon. Lehen bi saioak sailkatze fasekoak izango dira, eta azkenekoa, berriz, finala.

Pisu hau oraindik hasi ez bada ere, garbi dago hemen ere Abadiño dela faborito. Azkeneko ekinaldia, gainera, herrian bertan izango dute, eta ez dute hutsik egin nahi, jarraitzaileei lau txapelak eskaini nahiko dizkie eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo