GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT tren linea berriaren alde egitea erabaki du RFF egiturak

Uztaritzetik igarotzekoa den AHT linea berria eraikitzea erabaki duela jakinarazi zuen atzo Estatu frantsesean burdinbideak kudeatzen dituen egiturak. Eztabaida publikoan hiru aukera proposatuak zituen egiturak, eta eztabaida horretan esan direnak kontuan harturik ingurumenerako eta lekuko herritarrentzat irtenbide egokiena linea berria egitea dela argitu zuen. Gaurtik aurrera proiektu hori gauzatu ahal izateko azterketak abiatuko dituzte.

Ainize BUTRON |

Atzo eman zuen RFF egiturak AHT lineari buruzko erabakiaren berri. Irail eta abendu bitartean bideratu duten eztabaida publikoan, RFFk, Estatu frantseseko burdinbideen kudeatzaileak, hiru aukeraren artean hautatzea proposatu zuen.

Eztabaida publikoa bukatu bezain laster, egiturak martxoa bitartean bere erabakiaren berri ez zuela emanen adierazi zuen. Atzo, RFF egiturako Administrazio Kontseilua bildu zen, eta proposatuak ziren hiru irtenbideen artean «3. aukera» hautatu dutela azaldu zuten.

Bordeletik Hendaia arte linea sortzea aurrez ikusten du aukerak horrek. Alde horretatik, burdinbide hori sortu ahal izateko ondoko urteetan azterketa sakonak bideratuko dituztela azaldu zuten.

Christian Maudet RFF egiturako proiektuaren arduradunak atzo azaldu zuenaren arabera, linea berri hori eraikitzea irtenbide egokiena da egungo hirigune nagusietatik urrun igaroko delako eta herritarrengan eragin murritzagoa duelako.

Gainera, lekuko lineen garapenean eta salgaien garraioan eraginkorrena dela nabarmendu zuen. «`Euskal Y'ra konektatzea erraztuko du. Linea berri hori nazioarteko salgaien garraioari lotuko zaio nagusiki. Aukera horrek lekuko inguramenaren kalitatea eta herritarren bizitzeko era kontuan hartzen dituelako hautatu dugu», nabarmendu zuen egiturak atzo, bere erabakiaren berri emateko bidalitako prentsa adierazpenean.

Orotara, eraikitzeko RFFk 3 milioi eta 500 mila euro xahutuko dituela adierazi zuten, eta geltokia Uztaritzen jartzekoa dute linea berri horretan.

Urteetan azterketak

Proiektua gauzatu aurretik, RFFk azterketak egingo ditu ondoko urteetan.

Horien bidez, geltokien kokagunea, Bidasoaren bi aldeetako proiektuen arteko koherentzia eta lineak zeharkatuko dituen lurraldearen ingurumena kontuan hartzen duen proiektua bideratzea aztertu nahi ditu RFF erakundeak.

Azterketa horiek egiteko, gidaritza batzorde bat finkatuko dutela adierazi zuen egiturak. Bertan, Estatu frantseseko ordezkariekin batera, lekuko egitura nagusiak izango dira. Gainera, azterketek irauten duten bitartean gaiari lotuak diren eragileekin bilkurak egitekoak ditu. Hala eta guztiz ere, atzo bidalitako agirian, RFF egiturak ez zuen argitu tren linea berri hori lurpetik egiteko asmoa duten edo ez.

Hala eskatu zuten lekuko hautetsi eta gizarte eragileek Euskal Herria 2020 lurralde proiektuan. Ez zuen argitu ere ez Ipar Euskal Herrian geltokiren bat jarriko zutenez. Horiek guztiak gaurtik hasiko diren azterketen bitartez zehaztuko dituzte. Bernard Darretche Garapen Kontseiluko lehendakariak hirugarren aukera hautatu izana berri ontzat jo zuen, eta linearen zati handia lurpean edo tuneletan igarotzea espero duela nabarmendu zuen.

Ondoko urratsa

Geltokien kokagunea, mugaz bi aldeetako proiektuen arteko koherentzia eta zeharkaturiko lurraldearen ingurumena kontuan hartzea aztertuko dute ondoko urteetan.

Dirutza

RFF tren lineak kudeatzen dituen egiturak jakinarazi zuen AHT linea eraikitzeko 3 milioi eta 500 mila euro xahutuko dituztela.

Martxoaren 23ko deialdia proiektuaren aurka

RFFk harturiko erabakiak ez ditu asko harritu ekologistak. Victor Pachon CADE kolektiboko ordezkariak, izan ere, lineen kudeatzaileak bidalitako agirian eztabaida publikoan etengabe azaldu zuten iritzia baizik ez dela agertzen esan zuen. «Hautetsien eta Garapen kontseiluek aldeko jarrera izan dutela azaltzen da, baina ez dira inolaz ere aipatzen aurka bozkatu duten zazpi herriko etxeak, eta Suitzako adituek egindako azterketa gehigarria orrialde bakar batean laburbilduta dago», salatu zuen Pachonek. CADEk, eztabaida publikoan hainbat aldiz adierazi zuen bezala, 3. aukerak kilometroka 9 hektareako lur eremuak hartuko dituela gogorarazi zuen. Eta, berriz ere, linea berria eraiki ordez egungo lineak baliatzearen aukera nabarmendu zuen. RFFren erabakia kontuan harturik, CADE kolektiboak jarrera hori salatzeko bi hitzordu nagusi finkatu ditu ondoko asteetarako. Martxoaren 23an Uztaritzeko Kiroleta gelan lehen bilkura publikoa izango da. Eta, apirilaren 14an, arratsaldeko bostetan, Hendaiako Saint Jacques zubian manifestazio eginen dute «euskal Y»aren aurkako elkarteekin batera. Bi ekitaldi horietan parte hartzera deitu zuen CADEk. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo