GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aterkipetik, baina ozen emakumearen berdintasun eske

Langileek, ikasleek, agintariek, etxeko langileek... bat egin zuten gizon eta emakumeen berdintasuna eskatzeko. Beste behin, batean eta bestean Euskal Herriko txokorik gehienetan egin zituzten ekitaldiekin bat egin zuten milaka lagunek. Lan-baldintza hobeak, berezko eskubideak eskuratzea, erakundeen inplikazio eta neurri eraginkorrak, feminismoaren premia eta garrantzia... Beste urte batez, eskaera zerrenda luzea izan zuen aurtengo Martxoaren 8ak.

GARA |

Emakumearen Eguna egunero egin beharrekoa dela nabarmentzen da urtero atzoko egunez; hau da, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean. Izatez, hala izan ere, inoiz ez baita soberako gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren alde egitea. Hala eta guztiz ere, atzokoaren gisako egunek oraindik ere emakumeei egiten zaien diskriminizazioaren gaia plazaratzeko bederen balio izaten dute, eta atzo ere Euskal Herriko bazterretan milaka lagun batu zen batean eta bestean deituak zeuden manifestazio, elkarretaratze eta bestelako ekitaldietan.

Goizean sindikatuek hartu zuten eskaeraren testigua. ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek modu bateratuan manifestazioak egin zituzten Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Sindikatuetako ordezkariek etxeko lanetan jarduten duten emakumeak izan zituzten gogoan, eta «betiko ahaztuak» direla salatzeaz gain, lege aldaketa eskatu zuten, langileak babesteko, egungoak egiten ez duela argudiatuta.

Protesta haurreskolan

LAB sindikatuak hiriburuetan eta eskualde buruetan egin zituen protesta ekitaldiak. Sindikatu abertzaleak lan politika berrien premia nabarmendu zuen, egungoak, bere ustez, emakumeei lan munduan erdizka sartzeko aukera baino ez baitie ematen. Era berean, instituzioei ere dei egin zien berdintasun politikak bultzatu eta aplikatu ditzaten, euren erantzukizuna delako. LABek, halaber, Lasarte-Oriako haurtzaindegira eraman zuen protesta, eta bertako langileen lan egoera prekarioa salatu nahi izan zuen.

CCOO sindikatuak Confebaskek Bilbon duen egoitzaren parera eraman zuen protesta, eta enpresariei emakume gehiago kontratatzeko eskatu zien, batez ere, ordezkapen txikia duten alorretan.

Instituzio hainbatek ere aukerari probetxu atera zioten. Gasteizko Legebiltzarrean, esaterako, talde guztiek adierazpen bat egin zuten, eta bertan emakumea diskriminatzen duten jaiak salatu zituzten. Dokumentuan oraindik orain gizon eta emakumeen arteko desberdintasun ugari dagoela salatu zuten, eta kultura patriarkalari egotzi zioten. Era berean, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeak ere gogoan izan zituzten parlamentariek.

Unibertsitate eta ikastetxe hainbateko ikasleek bat egin nahi izan zuten Martxoaren 8arekin. Hala, makina bat ikaslek parte hartu du azken egunetan Ikasle Abertzaleek (IAk) antolatutako hezkidetza lantegietan. Taldearen esanetan, lantegi horien bidez, «ikasleei inposatzen zaizkien hezkuntza sistemek eredu patriarkala birsortu eta betikotzeko betetzen duten papera» salatu nahi izan dute. Horretarako, parte-hartzaileei sexu eta genero kontzeptuak ulertarazten eta hezkidetza kontzeptua barneratzen saiatu dira, besteren artean.

Baina hezkidetza lantegien bidez ez ezik, batean eta bestean egindako protesta ekitaldiekin ere ikasleek salatu nahi izan zuten emakumeek pairatzen duten diskriminazioa. Donostiako Ibaetako campusean 90 bat lagun batu ziren eguerdian, eta gauza bera egin zuten Gasteizko campusean 200 bat ikaslek.

«Eredu bakarraren inposaketa»

Arratsalde-partean, Bilgune Feministak Iruñeko Civicanen parean dagoen Familiaren omeneko monumetura eraman zuen protesta. Talde horren iritziz, familia, harremanak eta bizi eredua antolatzeko aukera bakarra eskaintzen dute egun, eta monumentua horren adierazle da. «Heterosexuala den bikotea, gizonaren nagusitasuna goraipatzen duena, emakume gutxietsia, horien seme-alabak bezala. Nafarroan boterean daudenen isla nabarmena da, UPN eta OPUS hain zuzen, haien bizimoduaren ikuspegia inposatu besterik ez baitute egiten», salatu zuten. Alde horretatik, norberak nahi duen bizi eredua eraikitzeko eskubidea eta berdintasunean oinarritutako harreman askeak izateko eskubidea aldarrikatu zituzten. Arratsalde-partean ere gazte talde bat Bilboko Arenaleko zubian dauden faroletara igo zen maskara moreak jantzita, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna eskatzeko.

Ilunabarrenean, mugimendu feministak antolatuko manifestazio eta elkarretaratzeak egin ziren hiriburu eta herri ugaritan. Iruñean bi mila lagun inguru elkartu ziren, eta protesta eta musika uztartu zituzten perkusio talde baten doinuak entzuteko parada izan baitzuten bertaratutakoek. Manifestariek «Emakumeen borroka herri borroka da» edota «Jo eta ke, gure eskubideak lortu arte» oihuak egin zituzten ibilbidean zehar.

Donostian ere, Bulebarretik abiatuta, mila bat lagunek zeharkatu zituzten kaleak, eta Gasteizen mila eta bostehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten manifestazioan. Protestarik jendetsuena Bilbon egin zuten, bertan bi mila lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Manifestazioaren amaieran emakumeek berezko eskubideak izan behar dituztela nabarmendu zuten, eta bide horretan, egungo legeak berdintasun erreala lortzen laguntzen ez dutenez, feminismoaren garrantzia goraipatu zuten. Baionan, bestalde, 70 lagun batu ziren arratsalde-partean emakumeen berdintasuna lortze aldera, neurri eraginkorrak eskatzeko.

Baina hiriburuetan izan ezik, makina bat herritan ere ilunabarrean kalera irten zen berdintasunaren alde. Burlatan 30 lagun batu ziren, 80 Tafafallan, 120 Lizarran, 30 Leitzan, 50 Etxarrin, 50 Altsasun, 75 Algortan, 50 Igorren, 40 Tolosan, 60 Azpeitian, 170 Arrasaten eta 50 Zarautzen.

erakundeei

Egindako protesta ekitaldi hainbatetan erakundeek abian dituzten politiken eraginkortasun falta salatu zuten. Era berean, hainbat neurri ez dituztela abian jartzen kritikatu zuten.

BATEAN BEDEREN

Martxoaren 8 egunero izan behar duela esaten da, eta hala behar baluke ere, atzo bederen, emakumeei egiten zaien diskriminazioa agerian jarri zuten sendo beste behin.

Hezkidetza

Ikasle Abertzaleek antolatuta, hezkidetza lantegiak egin dituzte azken egunetan, eta bertan ehunka ikaslek parte hartu du. Helburua, besteren artean, egungo hezkuntza sistemak igortzen duen eredu patriarkala salatzea izan da.

Bost urtez egindako emakumeen karrika izenei buruzko eskaera bete dute

Urteak daramatza Ipar Euskal Herriko emakumeen kolektiboa Baionako karriken izendapenak aldatzen, baten batean emakume ezagun baten izena agertzeko. Martxoaren 8aren karietara, urte oroz gizartearen hainbat arlotan eragina duten emazteen izenak jartzen aritu dira azken bost urteotan.

Iaz, izan ere, Thiers karrika berriz bataiatu zuten Ingrid Betancourt izenarekin. Baina, azkenean, urte askotan eskatutakoa bete zen atzo. Izan ere, Jean Grenet herriko auzapezak Floride auzoko zubi baten ibilbideari Maite Barnetche lekuko gizartean garrantzia izandako emakumearen izena ematea onartu zuen. Eta, atzo arratsaldeko bostetan herriko zinegotzi eta emakumeen elkarteez inguraturik, auzapezak ibilbide hori inauguratu zuen. Ekitaldia Maite Barnetchen bizia eta ibilbidea goraipatu eta ohoretzeko ere baliatu zuten. Telebistako lehen emankizun euskaldunaren aurkezlea izan zen Barnetche. 1966 urtetik goiti lekuko kultur, politika, ekonomia eta kirol munduko hainbat ordezkari elkarrizketatu zituen Côte Basque izeneko garaiko irrati batean. Eta, 1971. urtetik goiti, France 3 telebistan ere lan horretan jarraitu zuen.

Maite Barnetchen izena Bidarteko biribilgune bati emana zaio duela hilabete batzuk. Baina, atzo Baionan izandako ekitaldia sinboloz beterikoa zen, izendatzea martxoaren 8an egitea erabaki baitzuten. Horrenbestez, inagurazioan zeuden emakumeen elkarteetako ordezkariek hitz hartu zuten, horien artean Martine Bisautak, eta Baionako karrika bati emakume izena ematearen aldarrikapena aspaldikoa dela berriz ere adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo