Jesus Mari Zabala lekeitiarra aske geratu zen Portboun
20 egun Estatu espainolera ez entregatzeko gose greban igaro ondoren, Jose Mari Zabala aske gelditu zen atzo Kataluniako mugan. Bertan senide, lagunak eta Lekeitioko bizilagunak zain zituela. Lekeitiarrak kasik zazpi urte igaro ditu Estatu frantzeseko kartzeletan. Bestalde, Aner Gomez erretentzio zentru batetan mantentzen dute.
GARA |
Espainiako Poliziak Portboun atxilotzeko arriskua bazegoen ere, Jesus Mari Zabala, zigorra beteta, libre geratu zen atzo. Lekeitiarra, 08.00tan atera zuten Saint Martin de Re-ko kartzelatik Espainiako Kataluniako mugarako bidean, bertan senideak, lagunak eta Lekeitioko herritar ugari zain zituelarik, Euskal Herrirako bidea hartzeko asmoz. Lehen Bidai hori anbulantziaz egin behar izan zuen. Izan ere, Zabala, otsailaren 16tik gose greba bat egiten ari zen. Protesta honen arrazoiak, Askatasunak argitu zuenez, «Euskal Herian libre bizitzeko eskubidearen alde eta entrega horren kontra; torturatzeko arriskua, salbuespeneko tribunal, lege eta Poliziaren eskuetan uztearen kontra». Jesus Mari Zabala, 2000. urteko irailaren 16an Baionan atxilotu zuen frantziako Poliziak. Geroztik, La Sante, Nanterre, Ensiheim, Fresnes eta Santin Martin de Re-ko kartzeletan igaro ditu azken urteak.
Gomez erretentzio zentruan
Aner Gomez preso bilbotarra estatu fratseseko epaile baten erabakiaren esperoan dago. Altamirako Etxerat-ek GARAri adierazi zionez, Estatu frantzesak bere kontra ezarritako euroagiandua aplikatzeari uko egin zion atzo. Gauzak horrela, gazte bilbotarra, Fresnesko kartzelatik atera zuten. Hala ere, erretentzio batetan sartu zuten, epaileak Estatu frantzesean utzi ala Estatu espainola bidali egingo duten erabakitzen duten bitartean.
Bilboko euskal presoak iragan otsailaren 15an irten behar zuen espetxetik bere zigorra beteta, baina irteera hori atzeratu egin zen atzo arte, euroagindua aplikatuko ote zioten edo ez jakin zuen arte. Euroaginduaren inguruko epaiketa, printzipioz otsailaren 21ean burutu behar zuten, baina astebetez atzeratu zen. Atzo, azkenik, salbuespeneko neurri horren aplikazioa ez zuela izango jakin zuen Aner Gomezek. Altamira auzoko bizilaguna, 2004ko azaroaren 5ean atxilotu zuen Estatu frantseseko Poliziak Parisko tren geltokian atxilotu zuten.
Zabala eta Gomezen kasuetaz aparte, Mikel Negrete, Frantziako Paueko kartzelan duten euskal preso politikoa gose greban dago otsailaren 1etik. Baraualdi eta protesta honen funtsa, Askatasunak adierazi zuenez, Negreteri ezarri dizkioten «bizi-baldintza gogorrak salatzea eta bere eskubideak errespetatu ditzaten exijitzea».
Egoera hauek ikusita, Askatasunak bere balorazio propioa jakinarazi nahi izan zuen atzo. Erakunde antierrepresiboaren aburuz, kasu horiek eta orohar euskal preso politikoen kolektibo osoarekin gertatzen ari direnak, «eskubide oinarrizkoenak kolpatzen dituzten jarduera hauek salatu nahi ditu; nork bere herrian libre bizitzeko duen eskubide oinarrizkoa ezabatzen baitute etengabe jarduera hauen bidez». Gainera, Askatasunarentzat, halako gertaerak «euskaldunontzat Frantziak eta Espainiak eraiki dituzten salbuespenezko neurriak dira horiek, demokrazia-gabezia hori gainditzeko Euskal Herriak duen premia beste behin agerian uzten digutenak.
Errekurtsoa eta mobilizazioak
«Jarrai-Haika-Segi» kasuaren sententziaren ondorioz kartzelatutako 22 gazteek, Auzitegi Gorenak haien kontra plazaratutako sententziaren kontrako helegitea auzkeztu zuten atzo Estatu espainolekoko Auzitegi Konstituzionalean. Gogoratu beharra dago, 22 gazte hauek Estatu espainoleko hainbat espetxetan sakabanatuta daudela.
Bestalde, Euskal Herriko zenbait txokotan euskal presoen eskubideen alde mobilizazioak izan ziren atzo. Gauzak horrela, Bizkaian, Berangon 24 lagunek kontzentrazio bat egin zuten. Nafarroan berriz, Iruñean, Alde Zaharrean 53 lagun bildu ziren, Donibane eta Txantreako enkarteladetan, 14 eta 30 hurrenez hurren. Herrialde barruan, Burlatan 25 pertsona elkarretaratu ziren.
Kataluniako mugan, Portboun, Jesus Mari Zabala zihoan anbulantziari itxaroten, presoaren senideak, lagunak eta Lekeitiotik espresuki joandako hainbat herritar bildu ziren.
«Jarrai-Haika-Segi» auziaren ondorioz kartzelatutako 22 gazteek errekurtsoa aurkeztu zuten atzo Auzitegi Konstituzionalean.