GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egungo egoerari buelta eman eta bake prozesuari ekin behar zaio"

Harkaitz Millan
Gazte Abertzaleak taldeko idazkari nagusia

Donostiarra sorterriz, Gazte Abertzaleetako idazkari izendatu dute. Gazte erakundean buru-belarri aritzeaz gain, azken lau urteotan Gipuzkoako hiriburuko Udalean Eusko Alkartasuneko zinegotzia izan da. Legegintzaldiaren amaiera hurbiltzen doa, eta Gazte Abertzaleetako lanei eutsi beharko die orain, nahiz eta udal hauteskundeetan ere gogotik arituko dela jakinarazi duen.

Gari MUJIKA |

Harkaitz Millan Donostiako zinegotzia izan da laster amaituko den legegintzaldian, eta lantegi berriak ditu joan den otsailaren 25az geroztik. Ibon Usandizagak urteotan bete duen ardura bere gain hartu du, Gazte Abertzaleetako idazkari nagusi izendatu baitute Millan.

Deban egindako biltzarrean, Gazte Abertzaleek datozen bi urteotan landu beharreko ildo politikoa zehaztu dute, eta, gainera, barneko eraldaketa bat bultzatu eta onetsi dute. Aldaketa horietaz guztietaz aritu da solasen donostiarra GARA egunkariarekin.

Deban egin berri duzuen biltzarrean idazkari nagusi izendatu zaituzte; bestetik, zer-nolako erabakiak hartu dituzue?

Bi ildo nagusi bereiziko nituzke hemendik eta etorkizunera begira: bata barnera begirakoa, eta bestea, kanporakoa. Baina aldaketa nagusia barne antolakuntzan izan da. Azken finean, kanpora begirako ildoak nahiko jarraitzaileak baitira. Gure ondorioetako bat ere horixe izan zen, nahiko prebisibleak garela, planteamendu argiak eta finkoak baititugu.

Egungo egoerak Euskal Herriaren nazio izaera ez duela aitortzen uste dugu; gainera, banaketa administratiboan abertzaletasunak kudeatu duen autonomia erkidegoan zatiketa oraindik eta handiagoa delakoan gaude. Gazte Abertzaleak taldeak argi dauka zatiketa hori ez dela nazio eraikuntzarako batere lagungarria. Hala, barneko aldaketa gehientsuenak norabide horretan joan dira.

Zer-nolako aldaketak dira, bada?

Orain arte, nik uste gainontzeko euskal erakundeek bezala, herrialde historikoetan banaturiko antolakuntza izan dugu. Goitik behera aldatu dugu egitura hori. Orain bailaraka eta herrika eratu ditugu taldeak eta koordinatzaileak, eta gero nazioko idazkaritza bat talde horiek koordinatzeko. Euskal Herriaren izaerari hobe erantzuten dio egitura honek. Esaterako, Hendaia, Irun eta Hondarribia bailara berean sartzea.

Gainera, bi irudi berri eratu ditugu. Orain artean kidea izateko aukera soilik zegoen, eta orain jarraitzailearen irudia eta afiliatuarena sortu ditugu.

Eta kalera begirako lanetan?

Egungo egoerari buelta eman behar zaiola uste dugu, eta eten den bake prozesuari berriro ekin behar zaiola.

Guk, behintzat, gazte munduan, horretan jarraituko dugu. Gazte eragile guztiek hartu behar dute parte, eta ez digu balio legalak edo ez legalak izateak. Politika arloan dabiltzan eta euskal gazteriaren ordezkariak diren erakunde guztiak dira baliogarriak. Bakoitzak bere pisua izan dezake, bere estrategia, baina guk elkarlana bultzatu nahi izan dugu azterketa komun bat egiteko. Horretan aritu gara, eta horretan jarraituko dugu. Barajaseko atentatua eta egon diren bi hilketak oztopo handiak dira, baina, hala ere, aurrera jarraitu beharra dago.

Gazte eragileekin harremanak dituzuela aipatu duzu. Orain artean, lan bateratu oparoaren fruitu bakarra eta nagusia Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluan makina bat talde izatea da. Alor politikoan elkarlan horrek ez al du bestelako fruiturik?

Egia da EHGKn gaudela eta, gainera, bertan jarraitzeko asmoa dugu, guztiz egokia baita.

Guk harreman normalizatuak ditugu EGI, Segi, JSE eta beste hainbat talderekin ere. Euskal gazteriari gure alternatiba eskaini behar diogula uste dugu, baina elkarlana aipatzen dugunean, normalizazio eta bakegintza bidean sartzen dugu.

«Legezko izan edo ez izan», esan duzu. Orain hilabete inguru Auzitegi Goren espainolak Segi «terrorista» izendatu zuen.

Ez naiz zuzenbidean aditua, baina justizia ezin dela kritikatu esateak asko harritzen nau. Justizia ere kritikagarria baita, eta are eta gehiago horrelako gauza batekin.

Ulertzen dudana zera da: ezin dela pertsona bat ez kartzelatu ez kriminalizatu delitua egin duela ez bada frogatzen. Ezin da pertsona bat kriminalizatu talde batekoa izateagatik. Eta horretaz gain, nahiz eta Segirekin hainbat diferentzia eta estrategian desberdintasun nabarmen asko izan, euskal gazteriaren parte garrantzitsu baten ordezkaria da, eta haiekin biltzeagatik kartzelara joan behar badugu, bada joan egingo gara. Norbaitek Segi «terrorista» dela esateak guri ez digu eragiten.

Eta epe erdi-motzari begira, zertan arituko zarete?

Lehenik eta behin, naziorako batzordea martxan ipintzen. Segituan udal hauteskundeak etorriko dira. Gainera, parte garrantzitsua izan ginen EA hauteskundeetara bakarrik joan zedin egin zen eztabaidan, eta gure indar guztia, orain, EAko hautagaiek, asko GAkoak gainera, ahalik eta emaitzarik onena atera dezaten jarriko dugu. Eta ondoren, bi urteotarako ezarri ditugun erronkei aurre egiten arituko gara.

ZATIKETA

«Banaketa administratiboan, abertzaletasunak kudeatu duen autonomia erkidegoan zatiketa oraindik eta handiagoa da»

SEGI

«Euskal gazteriaren parte garrantzitsu baten ordezkaria da, eta norbaitek `terrorista' dela esateak guri ez digu eragiten harekin harremanak izateko»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo