GARA > Idatzia > Kultura

Liburu aurrerapena

Beste eguzkia Izarrek argi ematen badute...

Itziar MADINA

Milaka xinaurrik ziztatzen balute bezala sendi da Domingo, izerdi zurrustatto batek bizkarrezurra kilikatzen diola, bide harriztatuan gora. Aspaldi berantetsia zen, bada, Alkabeherera joateaz, baina sorterrira hurbildu arau hain zaizkio berritasun eta ustekabeak handi, ezen jasan ahalko duenez ere, arranguratzen hasi baita. «Atxikiko duka?», diotso bularpetik bere bihotz urduriari. Jende berriak Alkabeheren bizitzeak ez du desgustatzen, a kontrario. Hits ere ez zaio herriko bizitegiak arrotzek okupatuak ikustea, ala hobekiago leudeke hutsik eta erortzekotan? Baina mende erdi lehenago Alkabehere utzi zuen bezain isilik aurkitzea nahiago izanen zuen. Etxarte sasitu eta belartuen artean bakarrik promenatuko zen, eskuarekin pareta, ate, harri, burdin eta zureria zahar oro ferekatuko zituen. Burua, aldiz, biztanle zaharren, eguneroko biziaren, sukalde, festa eta abeltzaintzako usain, kolore eta soinuen oroitzapenei emanen zien. Horien ordez horra, hamahiru begi pare, hamahiru galdera egile eta bakartasunaren hausle izanen dituela, bihotza, berriz, lehertzeraino hantua. Ezkerreko eskuarekin bere bularra torratu du, eztiki. Eta Iaiaenea? Nola jasan kanpotarrek zaharberriturik badago? Nola jasan eta, oroz gainetik, sekretua ez eman? Izan ere, garbiki sumatzen du eta Domingok, indarge dagoela egia aitortzeko: Alkabehereko egiazko semea bera dela.

-Zuen herri hartara noizbait helduko gira, araiz?

Jakin badaki azken maldaren ondoren Alkabehere bere zabalera osoan agertuko dela, haraneko bitxi edertzailea, Elain errekak bitan banatua.

-Zaude gustuan, aitatxi, berehala etxean gira! -esplikatu dio Alkabehere berriko Uhartz delako neskatoak-. Aski dugu patar hau igaitea -besoa eginahalak gorritu bere aurpegi borobiltxotik haratago goratzen du erakusgarri-, eta herria oso-osorik ikusiko dugu! Erdian, Herriko Etxea eta bere pirata bandera haurrek guhaurek josia!

Ikaran dago Domingo. Asunenbordatik abiatu aurretik holakorik nork pentsa?! Zer dela eta, pirata bandera? Nora sartzera ote doa, eta zer-nolako jendea ote da Alkabehere berrikoa, gizon ile luzeduna, izen arraroko bere alaba eta haien lagunak? Bere burua madarikatzen du Elizazpiko Pernandorena tabernara ez sartu izanik zerbait berri hartzera, Alkabeherera etorri aurretik. Pernandok edo emazteak denak salatuko zizkioten, horixe baietz! Prestik eta jakitun etorriko zen! Miarritzera segituko zuen... Bere autoa ez zen egonen arroilaren erdian amildurik! Txakurrari hasierako herrena pasatu zaio, behintzat, eta buztana airean pozik, hirukotearen buruzagitzan badoa, joan-etorrian, ibiltariak ez zaizkiola eskapatzen frogatzeko bezala. Alta, zenbat nahiko lukeen Domingok bideari bizkarra eman eta Miarritzerako noranzkoan ihes joatea! Zenbat nahiko ez sekula Alkabehereko xendari segitu izana goizean!

(...)

Iritsi dira, azkenean, gailurrera, Alkabehere dakusate orain. Pentze berdez inguratua, oihanak gerrikatua eta zilarrez zatibitua! Alkabehere maitearen teilatu gorri ilunak, laparrek harturik zenbait, zutik eta irmo besteak, lur koloreko pareta arrailduak aurkakotasunari buru egiteko oraindik gai! Halako batean neskatxa intziri luze hauskorrean hasi da, eta jarraian herritik korrikalari ttipitto batzuk agertu dira, bi zangokoak atzean, laukoak aitzinean lasterka, zaunkaka eta oihuka. Beldurraren beldurrez Domingoren txakurra uzkurtu da, ileak hartziturik, defentsarako prest.

-Lasai, Ahabi! -diotso laztanen artean Alkabehereko haurrak-. Ez dituk zalapartariak baizik!

Hiru ibiltariek herrirantz segitzen dute, eta laster heldu dira haiengana bospasei txakur, zein baino zein zaratatsu eta jatorriz nahasiago, aita-alaben eskuak milikatzen, arropak aurreko bi zangoekin buztin idorrez zikintzen, Ahabiz mesfidati. Haur zarpailtsu batzuk hurreratu dira gero, eta jende eta txakur korapilo harramantzatsua sortu da. Domingo eta Ahabi bazterrean gelditu dira, zaharra Alkabeherez gose begiez klika lezakeela, aldi berean arrotz sendi dela. Gauzak fite doaz ondotik, umeak korrika berriro, herri kaskorantz aldi honetan, gainontzeko herritarrak heldu berrien etorreraz abisatzera.

-Aita! Ama! Gomita badugu! Gizon xahar bat jin da zakur batekin!

-Zatoz, Herriko Etxera eramanen zaitut gustu baduzu, eta han aurkeztuko dauzkizut beste alkabeheretarrak. Memento onean heldu gira: den tenorean naski, jatekotan izanen dira!

Haurrak etxeen artean desagertu dira, eta haien algara urrunean entzuten da. Egun batez harriztaturiko oraingo Alkabehere berriko kalean, belarra da, Domingo maitekiro zapaltzen doana. Muturbeltzenea eskuinean utzi dute; eta herdoilak ezin garaituzko sarraila zizelkatuak atean irauten duela ohartu da. Ezkerrean zenbait metrotara, zubia baino lehen, Manezhaundi ikusi du, tximinia konkortutik kea dariola. «Han bizi dituk, beraz, haietatik batzuk!». Leihoak hamaika kolorez tindaturik ikus balitzate, zer pentsa zezaketen maneztarrek! Parean daukate orain gizonak Herriko Etxea deitua, Alkabehereko Ihintzarena, haurrek josi pirata banderarekin. Horretan ere, kea eta ortzadarrean baino margo gehiago! Harrizko atariak ezkaratz ilun eta freskora murgilarazi ditu, eta Domingok ezin du Margari Ihintzareneko ama zenari buruz ez pentsatu. Margarik Alkabehereren odolustea ez zuen soportatu, are gutxiago bere seme-alabek alde egin izana. Haiek beren Elizazpiko etxera ama eramaten tematu baziren ere, ez zuten lortu. Goiz batez Domingok gorpu atzeman zuen Margari bere ohean, adinak eramanik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo