Iruñean Poliziak jipoitutako bi zarauztarren aurkako epaiketa, gaur
Iruñeko Alde Zaharrean 2005ean izandako istiluetan, Polizia espainolak Iñaki Olabezela atxilotu zuen. Haren lagun Imanol Uria polizia etxera heltzean, barrura sartu eta burua ireki zioten. Biek jarritako tortura salaketak artxibatu zituzten, eta haiek epaituko dituzte gaur.
Jasone MITXELTORENA |
Gaur goizean da Iñaki Olabezela eta Imanol Uria zarauztar gazteen aurkako epaiketa. Poliziari eraso egitea leporatzen diete, eta 28 eta 24 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute haientzat. Gainera, Olabezelari guztira 4.188 euroko kalte-ordaina exijitzen diote, eta Uriari, 189 euro.
Gertaerak 2005eko abenduaren 3an izan ziren, Iruñeko Alde Zaharrean. Egun horretan ezker abertzalearen manifestazioa debekatu zuen Poliziak, eta Errotxapeako gaztetxea hustu zuten. Alde Zaharrean istiluak izan ziren, eta Polizia espainolak kargatu egin zuen. Olabezelak atzo GARAri kontatu zionez, lagunekin Jarauta kalean afaltzen ari zen eta atera zirenean, pasatzen ari ziren poliziakideek arrazoirik gabe kolpeak eman zizkioten. Norbaitek zerbait jaurti omen zien. Zarauztarra izan zela pentsatu zuten, eta jipoitu eta atxilotu egin zuten. Bai polizia etxean, bai bertarako bidean ere, kolpeak eta mehatxuak egin zizkiotela salatu zuen.
Bitartean, Imanol Uria polizia etxera joan zen lagunaz galdetzera, eta Olabezela atxilotu zuena agertu omen zen. Protestatu zuenez, Poliziak Uria barrura eraman zuen, eta justifikazio moduan esan zuen: «Orain aurpegia ikusten dizut, eta botilak jaurti dizkidatenetako bat zarela uste dut». Olabezelak kontatu zuenez, Poliziaren bertsioan, bera atxilotuta zeramatenean kalean jendeak gauzak jaurti omen zizkien, eta hori leporatu zioten Uriari. Polizia etxean sartu zutenean, jipoitu egin zuten, iletik hartu eta paretaren kontra bota zuten arte. Odol-jarioa gelditzen ez zela ikustean, ospitalera eraman zuten.
Kontatu duenez, joaterakoan eta etortzerakoan kolpeak, mehatxuak eta irainak egin zizkioten. Deigarria da ziegetan zeudenean gainerako jendeari baino tratu txarragoa eman zietela. Olabezelak adierazi duenez, horrela zen izaera politikoa eman ziotelako gertaerari. Atxilotu eta hirugarren egunean utzi zituzten aske, eta torturak salatu zituzten. Olabezelaren inguruan forentse-txostenean zauriak aipatu arren, epaileak artxibatu egin zituen. Gainera, Poliziak salaketa berek jarritakoaren ondoren egiteagatik baliogabea zela argudiatu zuen, eta polizia etxean eduki zituztela ahaztu zuten. «Berriro ere Poliziaren inpunitatea argi geratu da», esan zuen.
Zarautzen hainbat mobilizazio izan dira, eta gaur 11.00etan Iruñeko Auzitegiko atarian elkarretaratzea izanen da.
Epaiketan «bi bertsio guztiz ezberdin kontrajarriko dira», Arantxa Izurdiaga defentsa abokatuaren arabera. Olabezelak esan du: «Gure alde egia eta lekukoak dauzkagu; haiek, ez».