GARA > Idatzia > Kirolak

Belar hockeya Ohorezko Maila

Jolasetako mutilek estreinako garaipena lortu dute

Nesketan, Realak bakarrik lortu du garaipena. Jolasetak ezin izan du puntu bat bera ere lortu, Atletikoko mutilek lortu ez duten bezalaxe

Jon LEUNDA| DONOSTIA

Jolasetak, mutiletan, eta Realak, nesketan, lortu dituzte asteburuko garaipenak. Aldiz, Jolasetak, nesketan, eta Atletiko San Sebastianek, mutiletan, galdu egin dituzte beren neurketak.

Mutiletan, Jolasetak garrantzi handiko garaipena eskuratu du Taburienteri 3-0 irabazita. Sailkapenean ez da asko nabarituko, baina bizkaitarrek estreinako garaipena lortu dute, eta indarra hartzeko behintzat, balioko die. Atletiko San Sebastianek, berriz, ez zuen ezer lortu Bartzelonaren zelaira egin zuen bisitan. Gipuzkoarrek 4-0 galdu zuten.

Etxeko taldea aurretik jarri zen lehen zatian eta Atletikoko mutilak partidaren bila joan ziren, baina kontraerasoan min handia egin zieten aurkariek, eta azkenean, lau gol sartu zituen Bartzelonak.

Emaitza berak

Nesketan, emaitzak errepikatu egin ziren, garaipen bat eta porrot bat. Realak 3-0 hartu zuen mendean Ourense. Galiziarrak sailkapeneko azken postuan zeuden eta txuri-urdinek ez zuten arazorik izan garaipena eskuratzeko. Agirrek bi gol egin zituen eta Poli argentinarrak, berriz, gol bat lortu zuen.

Jolasetak, berriz, ezin izan zuen mutilek lortutako garaipena eskuratu, eta 4-0 galdu zuen Club de Camporen aurka.

Sailkapenari begira jarrita, mutiletan Atletiko laugarren dago, eta Jolasetak, nahiz eta irabazi, azken jarraitzen du. Nesketan, Reala bosgarren postuan dago, eta Jolaseta, berriz, zortzigarren, azken-hirugarren postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo