Iraganeko mamuak edo kitatu gabeko kontuak eta orainaldiko jarrerak
Atzo Madrilgo Probintzi Epaitegian Felipe Gonzalezen Gobernuko Segurtasunerako estatu idazkari Rafael Veraren eta haren kabineteko beste hiru goi karguren kontrako epaiketak PSOEri berriro ekarri dizkio iraganeko mamuak. Bere historiarekin eta batez ere Euskal Herriarekin kitatu gabe dituen kontu ez hain zaharrak. Hartara, herritar guztiek dakitena baina alderdi horrek aipatu gabe nahiago dituen gertakariak burrunbatsu agertzen zaizkio noizbehinka. Izan ere, gogoratu egin behar da gaur egun eta aspalditik ez dagoela kartzelan inongo arduradun politiko edo Poliziaren inongo goi kargu gerra zikinaren garaian egindako 26 hilketengatik. Nolanahi ere, Estatu espai- noleko bi alderdi nagusiak kontu horretan parekatuta samar daude, ez batak ez besteak ez baitute inolako interesik agertu kontu horiek argitzeko eta are gutxiago biktimekin justizia egiteko; biktimak aipatzea hain gustuko duten horiek, hain zuzen. Egiari zor, izan dute interesik, bai, baina gertakari bortitz haiek argitzeko barik, etekin politikoa ateratzeko. Horretarako erabili izan du PPk PSOEren garaiko gerra zikina, eta ez justizia egiteko. PPren Gobernuak ere indultua eman zion Verari espetxe zigorra nabarmen murrizteko. Epaiketa, gainera, Iñaki de Juanaren kasuagatik kanpaina politikoak antolatu direnean etorri da, Estatuko bi alderdi nagusien hipokrisia argiago agerrarazteko. PSOE berekin zerikusirik ez duen auzia balitz bezala agertzen da, baina zer esana izan beharko luke Verarekin, bere liburu baten aurkezpenean, alderdiko zenbait militante izan zirelako: Gobernuko presidente ohia, Barne ministro ohi bat eta gaurko Kongresuko Konstituzio Batzordeko presidentea, besteren artean. Guadalajarako kartzelako argazkia ere badator gogora; estatu-biolentzia larriagatik zigortutakoei Felipe Gonzalez eta beste batzuk sostengua ematen agertzen ziren argazkia, alegia. Orain, hauteskunde zerrendak aurkezteko daudela, Batasunaren kontra berpiztu duten diskurtsoa, biolentzia gaitzestea eskatzen duena, zilegitasunik gabe agertzen da. Estatu espainoleko demokraziaren kalitatea hutsaren hurrengoa izan dadin lortu dutenek besteei gaitzespenak exijitzen dizkiete, biolentziarik gabeko bide demokratikoari eusteko gonbidapenari gaitzespen handi bat eskatuta erantzuten diote, oraindik beren katarsia egin gabe. Mamuek hor segituko dute.