eskalada EZKAURRE
«Camille" bidea Ezkaurreko Codero paretako azken hartza
Luzio Egiguren errenteriarrak bakarka zabaldutako 300 metroko bide berria da. 6b zailtasuna du, paraboltekin ekipatuta dago eta abuztutik abendura bitartean eskala daiteke.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Zuriza eta Anso artean dagoen zintzurrean, goialdeko paretetan, mugimendu handia izaten ari da azkenaldiotan. Orain urte gutxira arte, hormatzar erakargarri horiek apenas izan dute bisitarik. Iaz, aldiz, egundoko goraldia izan eta han-hemen proposamen eder batzuk zabaldu dira.
Lerro hauetako gure protagonista, Luzio Egiguren, alderdi horrekin lapatuta dagoela ziurta genezake; izan ere, parez pare dauden horma horietan hiru bide sortu ditu. «Zintzurraren lau kilometro horiek oso basogune bereziak dira, han ibiltzea zein eskalatzea ederra delako oso», adierazi digu errenteriarrak. Erakargarritasun hori dela medio, Egigurenek hiru proposamenetan hartu du parte. Lehenengoa, Urdaburu Elkarteko eskalada taldekoekin, Espelungako Pilarean, Urdaburu bidea zabaldu zuen. Bigarrenean, berriz, bakarka jardutea otu zitzaion eta Italiarren Espoloian Karmele bidea sortu zuen. Hirugarrena, eta ez azkena, pasa den udan bakarrik eraikitako Camille bidea. Azken hau, aipatu ditugun bi bideren parean da justu, hots, Ezkaurreko paretetan.
Hain zuzen ere, horma horretan zirkulazio handia izan zen iazko udan. 2006ko abendura arte, Camillek beste lau kide ditu: Via de los balcones, La tribu del Camping, Venin du jardin eta Les Mysteres de l´Ouest. Egileak, errenteriarraz gainera, katalanak, frantsesak, errioxarrak eta nafarrak. Inolako zalantzarik gabe, goraldi handia izan duen alderdi baten aurrean gaude. Egigurenek argitu nahi izan digunez, pareta horiek Codero izena dute: «Batzuek Pared de Ur edo Torre de Ur jarri diete, baina uste dut egokiagoa dela Codero deitzea, bertako jendeak hala erabiltzen duelako. Azken finean, toponimia errespetatzea besterik ez da».
300 metroko bide ederra dugu aurretik. Krokisean ikusi ahal den legez, ezaugarri ezberdinetakoa: plakak, diedroak, sabaiak... Zailtasunari erreparatzen badiogu, gehienez, 6b gainditu beharko da. Ordutegiari dagokionez, jakina, sokadaren abiadurak markatuko du. Baina, hori bai, lasai joanda, Camille bidea osorik igotzeko 3 eta 5 ordu artean beharko ditugu. Egigurenek zabaldutako marra berria nahiko segurua dela esan genezake; hots, nahiko ekipatuta dago. «Bide ia osoa paraboltekin ekipatu dut; horrela, bada, material gutxi eraman beharko da. Baina hainbat tarte zabaldu nuen modura utzi ditut. Hori dela eta, friend sorta txiki bat eraman beharko da. Horrez gainera, 15 espresekin nahikoa izango dugu bide hau eskalatzeko».
Bidea nola topatu
25 minutuko txango batek Camilleren sarreran utziko gaitu. Urdaburu biderako, aparkalekua pasatu eta 500 metro segitu ondoren, bi pago handiren artean utz dezakegu autoa. Errepidea gurutzatu eta basoan sartu behar da. 30 metrora gorriz margotutako marka batek Camilleren bidea adieraziko digu: «Basoan hasi, gero harrietatik zig-zag batzuk egin eta bidearen sarrera topatuko dugu. Pareteko plaka beltza ikustean, hara hurbildu eta parabolt batek adieraziko digu bidearen hasiera».
Jaisteko orduan, berriz, bi aukera ditugu. Alde batetik, bidea rapelatu: ekipatutako zortzi rapel dira. 7. bileratik 6.era heltzeko, rapelak parabolt bati heltzen dio eta ondoren 20 metroko zeharkaldia (IV) egin behar da bilerarekin bat egiteko. Bigarren aukera Abau bordara oinez jaitsi, handik errepidera eta 1,5 km ibili ondoren autora helduko gara. Egileak azken aukera aholkatzen du. Hegaztien habia egiteko garaia dela eta, abuztutik abendura bitartean eskalatzea gomendatzen du.