GARA > Idatzia > Kultura

Euskarak ez du inolako presentziarik Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Ipar Euskal Herriko bederatzi zinema aretotan egin azterketan euskaldunen hizkuntza eskubideak ez direla kontuan hartzen ondorioztatu du. Zinema geletako arduradunei euskararen alde egiteko eskatu die Kontseiluak.

GARA | BAIONA

«Ipar Euskal Herriko zinema-areto guztietan frantsesa da hizkuntza bakarra; euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez dituzte kontuan hartzen», salatu zuten Kontseiluko ordezkariek Baionan egin prentsaurrekoan. Euskal Herriko 29 zinema aretotan egin dute azterketa. Horietatik Lapurdin eta Nafarroa Beherean dauden bederatzi aretoetan egindako ikerketatik atera emaitzek erakusten dute gehienek puntu bakarra ere ez dutela lortu.

Biarrizko Le Royal, Kanboko Kanbo, Hazparneko Haritz Barne, Baionako CGR, Angeluko Oscar eta Donapaleuko Argitze aretoek ez dute puntu bakar bat ere lortu euskararen aldeko erakundeak egin azterketaren arabera.

Beste hiru zinema geletan zenbait atal euskaraz baldin badaude ere, «hutsaren hurrengoa» direla esan du Kontseiluak. Donibane Lohizuneko Rex aretoan bi txartel saltzaile euskaldunak dira. Baionako Bertze zineman zenbait afixa euskaraz jarri dituzte. Azkenik, Baionako Atalante gelan saltzaile bat euskalduna da. Hala ere, erakundeak eskerrak eman nahi izan dizkie euskara nonbait txertatu duten aretoei.

Egoera aztertu ondoren, Kontseiluak Ipar Euskal Herriko zinema-aretoetako arduradunei euskara babesteko eskatu die. «Eus- kaldunoi ere zinemara joatea gustatzen zaigu», azaldu zuen.

Herritarrei ere zabaldu die deialdia euskararen defentsan lan egiten duen erakundeak. Euskararen eskubideak errespetatzen ez badira, euskararen telefonora jotzeko gonbita egin du Kontseiluak. Internet bidezko telefonoaren helbide elektronikoa honako hau da: www.euskararentelefonoa.com. Hizkuntza eskubideen aldeko lanean zinemetako langile, banatzaile eta ekozleei ere egin zien deialdia erakundeak.

Azterketa egiteko mementoan aretoen baliabideak izan ditu kontuan Kontseiluak. Webguneak, langileen euskararen ezagutza, aretoetako espazioetan dauden argibideak eta zinemetan banatzen dituzten doako aldizkariak aztertu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo