GARA > Idatzia > Kultura

Historiaurretik topagune diren Izturitzeko leizeetan, kultura bizirik

Artearen eta zientzien sustatzaile izanen den Izturitze eta Otsozelaiako elkartea sortu berri da, orain arte leizeetan kultura mailan egin lanean oinarrituz, garai berri bati hasiera emateko. Duela 80.000 urtetik sorkuntza eta trukaketa gune izan diren harpeetan aurkitzen diren objektuak elkarte sortu berriak kudeatuko ditu.

Idoia ERASO | DONAMARTIRI

Indusketetan atzeman historiaurreko txirulen puskak izan ziren artearen espresio garaikidearen abiapuntu. Paueko Unibertsitateak tokiaren erresonantziari buruz egin ikerketekin hasi zen afera. Geroztik Mixel Etxekoparek txirulekin ikerketa artistikoak egin ditu. Literaturaren ordezkariak ere izan dira, Pierre Loti edo Itxaro Borda idazleak bertaratu dira, besteak beste. Koldo Amestoy bezalako ipuin kontalariek ere izan dute tokia harpeetan garatu diren ekimen artistikoetan, eta kultura zientifikoak ere izaten du bere tartea urtero ekainean egiten diren indusketen emaitzen bitartez, besteak beste.

"Garai berri bati emango diogu hasiera elkartearen sorrerarekin" adierazi zuen Joëlle Darricauk, Donamartirin dauden Izturitze eta Otsozelaiako leizeen jabeak. Izturitze eta Otsozelaia elkarte berriaren zuzendari den Jean-Philippe Larremburek erakunde berriak historiari loturik leizeei eman nahi dien jarraipen kulturala nabarmendu zuen: "Historikoki kulturaren sorkuntzaren eta trukaketaren kokagunea izan da. Egitasmo berriaren zentzua iraganetik datorkigu, tokiaren historian oinarritutako tradizio kulturala garatuko dugu, baina ikuspegi moderno batekin".

Izturitze eta Otsozelaiako kobazuloak eta azken horien kokagune den Gaztelu mendixka Joëlle Darricaudenak dira, nahiz eta laster jabetza hori bere familiarekin partekatzeko asmoa azaldu duen. Elkartea Darricaud familiaren partaidetzarekin sortu da eta, hori baino gehiago, familiak bere ekarpena egin du egoitza nagusia izanen den Otsozelaia Beheria baserria 30 urterako utziz. Bestalde, harpeetako indusketetatik lortu objektuak elkarteak kudeatuko ditu hiru hamarkada horietan. Darricaud familiak bere engaiamendua erakutsi du aurkitu objektuak elkarrengandik ez banatzeko, ez saltzeko eta Euskal Herritik atera ez daitezen.

Epe ertainerako helburuak ezarri ditu otsailaren 13an ofizialki sortu zen elkarteak. Helburuen aniztasunak eta, batez ere, beharrezkoa den egoitzaren eraberritzeak beharko duen denborak, helburu horien lorpenean atzerapena ekarriko du.

Elkartearen helburuak

Gunearen nortasunean oinarrituta ezagutza garatu nahi du elkarte sortu berriak eta, aldi berean, gizartean ezagutarazi. Izturitze eta Otsozelaiako harpeen zaintzaren aldeko lana egitea ere xede du elkarteak. Sorkuntza artistikoa laguntzearekin batera kultura ezberdinak elkartzeko ekimenak egitea ere aurrikusten dute. Eremu ezberdinak jorratuko dira egitura berrian, artearekin batera, historia, arkeologia, geologia eta ingurugiroak ere izanen dute beraien tokia.

Elkarteak erakunde ezberdin eta ugariren laguntza jaso du Ipar zein Hego Euskal Herritik. Euskal Kultur Erakundearekin batera Kontseilu Nagusia eta Akitaniako Kontseilua daude partaideen artean, besteak beste. Lakuako Gobernuak eta BBK Fundazioak ere eman dute beraien laguntza.

TRADIZIOTIK

"Leizeak historikoki kulturaren sorkuntza eta trukaketaren kokagunea izan dira. Egitasmo berriaren zentzua iraganetik datorkigu, tokiaren tradizio kulturala garatuko dugu ikuspegi moderno batetik".

Fitxa

Tokia: Donamartiri (Lapurdi).

Irekia: Martxotik azarora.

Bitxikeria: Arkeologoak lanean ikus daitezke ekainean.

Bisitak: Euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez, alemanieraz, italieraz eta txinatarrez (aurretik eskatuta).

70.000 objektu inguru aurkitu dira harpeetan

80.000 urtetan ia etenik gabe gizakien egoitza izan diren Izturitze eta Otsozelaiako leizeetan 70.000 objektu baino gehiago atzemanak izan dira azken mendean egin diren indusketetan. Geologikoki erakusten duten aberastasuna alde batera utzi gabe, hormetan dauden margoak historiaurreko artearen erakusgarri ederra dira.

1953an monumentu artistiko izendatu zituzten leizeak eta 1996an kokaleku duten Gaztelu mendixkak ere izendapen bera jaso zuen. 50.000 pertsonen bisita jasotzen du martxotik azarora.

Urtero nazioarteko talde batek ekainean indusketak egiten ditu, eta oraindik hamarkadetarako lana badela aurrikus daiteke.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo