Unibertsitate garraioa, garestia eta urria
Euskal Herriko Unibertsitateak Batubide proiektuari ekin dio unibertsitate komunitatearentzat garraio seguru eta iraunkorra lortzeko helburuaren bila. Komunitate hori 55.000 lagunek osatzen dute eta, zenbait hamarkaden ostean, badirudi ez dutela ahalegin handiegirik egin ikasleen, irakasleen eta zerbitzuetako langileen joan-etorri arazoei aurre egiteko. Ikasleen arabera, gaur egungo egoera errotik aldatuko duten neurriak hartu beharko dituzte dauden arazoak konpontzeko: ordutegietatik hasi eta ikasle askorentzat gastu ikaragarria izateraino, garraio publikoek eta pribatuek, garestiak eta maiz urriak izateaz gain, ez baitiete unibertsitateko ikasleen beharrei erantzuten. Arazo zaharra da, beraz, eta unibertsitate ereduari lotua. Izan ere, apustua unibertsitate lehiakorra eta kalitatezkoa izatea baldin bada, eta halaxe adierazten dute haren arduradunek, baldintza onak eskaini behar ditu arlo guztietan. Campus deszentralizatua aldarrikatu zen bere garaian, eta halakoa da, baina horrek garraio ona eta eraginkorra bermatua egotea eskatzen zuen. Bistan da, ordea, orain artean ez diotela erantzun egokirik eman arazoari. Ez dute asmatu edo ez dira gehiegi saiatu. Hala, ez dirudi ikasleen kexak funtsik gabekoak direnik. Unibertsitate publiko batek, bere kideen garraio-beharrak ondo ezagututa, garraio duin eta ekonomikoa eskaintzea funtsik gabekoa ez den bezala.