Energia garbiak onak dira eta erabil daitezke
ELAk eta Greenpeacek atzo aurkeztu zuten energia berriztagarrien gaineko txostenak datu interesgarriak eta ondorio interesgarriagoak eskaintzen ditu. Ikerketa alderdikerien edo aurreiritzien eraginpekoa izatea susmatzen duenik izango da, baina egin duen instituzioaren berri jakindakoan, susmo horiek berehala uxatu beharko lituzke. Izan ere, Greenpeacek Comillasko Universidad Pontificaleko Ikerketa Teknologikoetarako Institutuari eman zion ikerketaren enkargua eta iberiar penintsulari dagozkion datuetatik Hego Euskal Herriari dagozkionak, ELArekin eta Manu Robles-Arangiz Institutuarekin egindako liburuxkan bildu zituen. Haren arabera, Hego Euskal Herrian orain artean oso gutxi erabili izan dira horrelako energiak. Halaber, horien erabileraren aurkakoek behin eta berriz oso garestiak direla eta ez direla lehiakorrak esaten badute ere, ikerketak dio energia berriztagarriek, esaterako, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia edo Nafarroako herri txiki bateko energia eskari osoari aurre egin liezaioketela, baita ekonomikoki ere. Klima aldaketa denon ahotan dagoen momentuan, Europar Batasunak 2020. urterako erabiltzen den energiaren %20 berriztagarria izateko konpromisoa hartu duenean, Hego Euskal Herriko gobernuek energia estrategia aldatzeko momentua ere bada; hala exijitu beharko litzaieke, komenigarria ez ezik, egin litekeena ere badela jakinda.