«Jauregi auzia" Madrilen atera zutela esan du orain Egibarrek
Jon Jauregiren hautagaitza bertan behera uztera behartu duen filtrazioaren erantzukizuna Madrilen dagoela azaldu du orain Joseba Egibar GBBko buruak, lehenengo unean EAJren barrutik atera zela esan bazuen ere. «Orri hori pasatuta" dagoela adierazi zuen atzo, eta alderdiaren barnean liskarrik dagoela ukatzen ahalegindu zen Egibar.
GARA |
EAJren barruko tirabiren oihartzuna itzaltzeko ahalegina egin du Joseba Egibar GBBko buruak. Atzo Euskadi Irratian, batetik, alderdiaren barruan liskarrik dagoela ukatu zuen, eta, bestetik, Jon Jauregiren aurkako filtrazioaren ardura ez dagoela Euskal Herrian Madrilen baizik argudiatu zuen.
Hauteskundeen bezperetan, Jon Jauregi Gipuzkoako ahaldun nagusigaia bazterrean uztea ekarri duen polemikaren orria pasatu dutela esan zuen Joseba Egibarrek. «Une honetan, Markel da hautagaia, baina Jon Jauregiren izena bere tokian jarriko dugu», adierazi zuen. Haren «ohorea eta irudia» behar den lekuan jartzeko bide guztiak erabiliko dituztela esan zuen.
Liskarra hasi zenean emandako bertsioan atzera egin zuen Egibarrek. Bere garaian, Jon Jauregiren ondasunen inguruko filtrazioak alderdi barrutik zetozela eta, ondorioz, EAJren barruan maila gorenean erantzukizunak eskatuak zituztela adierazi zuen Joseba Egibarrek. Atzo, ordea, «inoiz ez bezalako batasuna» dagoela ziurtatu zuen.
Jauregik errurik ez zuela argudiatzeko egin zuen agerraldian ere Gipuzkoako Ogasunaren arduradunei azalpenak eskatu zizkien Egibarrek. Atzo, ordea, auzia ez dela «Gipuzkoako etxola batetik atera» eta Madrilek horretan ardura izan duela nabarmendu zuen. Hedabide zehatz batzuek elikatu dutela erantsi zuen (filtrazioa Ser irrati-kateak zabaldu zuen).
Horren atzean «desadostasun politikorik» izan dela ukatu zuen Joseba Egibarrek. «Ez da hori izan, beste zerbait baizik», azaldu zuen, zehaztapen gehiagorik eman gabe. Xabier Arzalluzek, aldiz, hautagaiaren aurkako filtrazioak EAJren eta PSOEren arteko itunari bidea erraz- teko asmoa zuela ziurtatu zuen.
Polemika horren atzean EAJren barruko desadostasun politikorik ez dagoela argudiatu nahi izan du orain Egibarrek, eta argitu ez zuen «beste zerbaiti» egotzi zion Jon Jauregiren ondasunen filtrazioaren ardura.