Amaiursareak topaketak eginen ditu gaur egungo erronkak gizartean eztabaidatzeko asmoz
Jasone MITXELTORENA |
Amaiursarea ekimenak hilaren 24rako topaketak antolatu ditu Iruñean. Horietan Nafarroako gizartearen erronkak eztabaidatuko dira, jendearen parte hartze zuzenari aukera eskaini eta beren ekarpenak jasotzeko.
Amaiursarea joan den aza- roan abiatu zen programa herrikoia da, maiatzeko hauteskundeei begira ezker abertzaleak Nafarroa aldatzeko abiatutako prozesu parte hartzailea, hain zuzen ere. Zonaldeka ekimena aurkeztu eta amaiursarea.com web orria ireki dute jendearen ekarpenak jasotzeko.
Orain arte garatu den lana, «batetik, gako nagusiekin eratutako zirriborroa da, zeina ekarpenak jasotzen ari den behin betiko testu bat aurkezteko. Bestetik, hilabete hauetan antolatu diren tailerretatik ateratako zirriborroa dago. Datozen asteetan aurkeztu eta zabaltzeko asmoa dago», adierazi zuten Mi- kel Sotok eta Ainara Armendarizek. «Nafarroako estatus politikoa aldatzeko aukera historikoa dela-eta, gizarteko sektoreen ekarpenak jaso nahi izan dira beren egoera egiazki aldatzeko», nabarmendu zuten.
Aipaturiko aldaketak ezkerretik etorri behar duela azpimarratu zuten, «orain arte eman direnak beti ezkerretik eman direlako, bai mundu mailan eta bai Nafarroan ere». Horren adibidetzat jarri zituzten intsumituen borroka, langileena eta emakumeen eskubideen aldeko feministek egindako lana.
Edukiei dagokienez, beren proposamenak «garbiak eta sintetikoak» direla azaldu zuten, «ez direlako adituei zuzenduak, jendearen parte hartzea bilatzen dutenak baizik». Esan zutenez, «mundu globalizatu honetan herrien nortasuna, anizta- suna eta aberastasuna bilatzeko konpromezua hartzen dugu». Gizartean ematen diren eskubide urraketen kontra lan egiteko asmoa agertu zuten, prekarietatearen eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra arituz eta zerbitzu publikoak bultzatuz. Lurra eta bere baliabideak defendatzeko asmoa ere erakutsi zuten. Azkenik, topaketetan parte hartzeko deia egin zuten.