GARA > Idatzia > Ekonomia

Lan istripuetan ofiziozko zigor esku-hartzea eskatuko du Ezker Abertzaleak

Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamen batean, lan istripuei aurre egiteko jarrera aktiboagoa eskatu die erakundeei, eta, ofiziozko zigor esku-hartzea ez ezik, lan ikuskaritza propio bat izateko behar diren urratsak egin ditzatela eskatzen die erakundeei.

GARA |

Ezker Abertzalea taldeak lan istripuak bukatzeko administrazioei jarrera aktiboagoa eskatu die Gasteizko Legebiltzarrean, eta, asmo horrekin, premiazko legez besteko proposamen bat aurkeztu du. Legebiltzarrak eskumena duten administrazioei lan istripuetan eta lan osasunarekin lotutako lege hausteetan ofiziozko zigor esku-hartzea exijitzeko eskatzen die proposamenak.

Testu berean, lan ikuskaritza propio bat izateko beharrezkoak diren pausoak eman ditzala eskatzen dio Lakuako Gobernuari. Iaz lan istripuen ondorioz 129 langile hil zirela eta aurten dagoeneko 36 direla gogorarazi zuen Ezker Abertzaleak proposamen hori aurkezterakoan. Hildako langileei indarrean dagoen eredu ekonomikoaren eta sozialaren biktima direla onartzeko eskatzen du ekimenean.

Enpresek arauak bete ditzaten

Legebiltzarrak patronalari hainbat eskaera egitea nahi du talde abertzaleak: lan segurtasuneko arauak bete eta prebentzio neurriak har ditzala exijitzea eta prekarietateaz ez dadila baliatu langileria menderatzeko. Erakundeetarako beste eskaera batzuk jasotazen ditu proposamenak. Hain zuzen, EAEko administrazioetako langileei enpleguen kalitatea bermatzea, pribatizaizio gehiagorik egin ez dezaten eta lan kontratazioan iruzurra saihesteko neurriak har ditzaten. Halaber, erakundeek patronalari lan osasuneko arauak betetaraztea nahi du Ezker Abertzaleak.

«Istripuen arazoa jasanezin bihurtu da langileentzat. Ez dira kasualitatearen ondorioa; harreman zuzena dute patronalak ezartzen dizkigun lan baldintzekin, irabazi ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik jartzen dituelako», adierazi zuen.

salaketa

Ezker Abertzaleak askotan enpresetan Lan Arriskuen Prebentziorako Legea ez dutela betetzen salatu zuen, bai eta administrazio publikoek hori dela-eta erakusten duten «pasibitatea» ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo