Akitaniako Kopa
Genetsek erraz lortu du finalerdietarako txartela
Jon LEUNDA | BAIONA
Genetsek merezimendu osoz lortu zuen atzo Baionan Akitaniako Kopako finalerdiak jokatzeko txartela, etxekoak baino hobeto aritu baitzen.
Hori-berdeek talderik onena zelairatu zuten eta Avironek, aldiz, minutu gutxien jokatu dituzten jokalariei minutuak emateko eta gazteei aukera bat emateko erabili zuen partida. Guztien artean Steve Giron gaztea da nabarmendu beharrekoa. 17 urteko gazte horrek pasa den astean jokatu zuen lehen aldiz Ligan lehen taldearekin, eta atzo Kopan bide horrek jarraipena izan zuen.
Lehen zatian Genets gehiago izan zen. Zelai erdian nagusi izan ziren eta baloiaren jabetza beraiena izan zen. Gainera, bi hegaletatik min handia egin zuten. Berehala aitzineratu ziren angeluarrak. Baloia zelaiaren erdian Gueyek hartu zuen, hark Hecklyri pasa eta Avirongo jokalari ohiak Barry atzean utzi ostean, Laporteri iskin egin eta 0-1koa lortu zuen.
Zazpigarren minutuan jokalari berak ukan zuen bigarren gola egiteko parada, baina falta jaurtiketa kanpora bidali zuen. Bigarren gola ere Hecklyk lortu zuen, eta lehenengoaren tankerakoa izan zen. Pase luze bat hartu zuen, eta berriro ere Barryri ihes egin ostean, bakarrik geratu zen Laporteren aurrean. Horri iskin egin ostean, bigarren gola egin zuen, kanporaketan alde nabarmena jarriz.
Bi minutu geroago, ordea, etxekoen lehen gola heldu zen. Korner baten ostean, angeluarren atzelariak heldu egin zion Degouli area barruan eta epaileak penaltia agindu zuen. El Hajjamek ez zuen hutsik egin.
Hortik atsedenera bitarte ere, gauzak gutxi aldatu ziren, hori-berdeak nagusi izaten jarraitu baitzuten, nahiz eta ez zuten hirugarren golik lortu.
Bigarren zatiaren hastapena lehenengoaren antzekoa izan zen. Bi taldeek hiru aldaketak egin zituzten, baina ez zen ezer aldatu. Genetsek nagusi izaten jarraitzen zuen eta nagusitasun horren ondorioz etorri zen hirugarren gola, Trentinen eskutik.
Gero, apurka-apurka atzera egin zuten angeluarrek, eta zuri-urdinek ukan zituzten aukerak, batez ere Sautiek. Bi aldiz baloia langara bidali zuen, eta beste batean Cherreauk geratu egin zuen. Laugarrengoan asmatu zuen, baina gola eskuarekin lortu zuela-eta, epaileak legez kanpo utzi zuen eta txartel horia erakutsi zion. Amaieran Genetsentzat izan zen garaipena eta kanporaketa, atzo Aviron baino dezente gehiago izan baitzen Didier Deschampseko berdegunean.