Euskararen olatua musikarekin aberasten
Aritz SOUND SYSTEM
Kazetari eta musikazalea
Euskararen aldeko olatuak Euskal Herriko txokoak bustitzen ditu egunotan. Milaka lagun korrika euskararen alde, milaka lagun euskararen aldeko pausoak emateko prest -bakoitzak ahal duen abiaduran-. Eta ibilbide osoan zehar musikak lagunduta, musikaren erritmoarekin batera korrika.
Asko dira oraindik musika batzuk, arrotzak direlakoan, etsaitzat dituztenak. Musika «arrotz» horiek euskararen kontrakoak direlakoan, «demonizatu» egiten dituzte. Musika, ordea, ez da berez inoren etsai. Musika komunikatzeko tresna da; sentimenduak eta ideiak zabaltzeko modu ederra da. Eta ideia edo sentimendu horien araberakoa izango da musika. Gustatuko zaigu edo ez, ulertuko dugu edo ez eta esaten denarekin ados egongo gara edo ez, baina musika ez da inoren etsai. Hizkuntzak berez inoren etsai ez diren bezala. Hizkuntza bat bestearen gainetik inposatu nahi dutenekin izango dugu arazoa, baina ez hizkuntzarekin berarekin.
Euskarak, zoritxarrez, erasoak jasaten ditu etengabe. Euskararen alde lan egiten dutenek erasoak jasaten dituzte etengabe. Eraso horiek, ordea, ez dituzte hizkuntzek edo musikek egiten; hizkuntzak eta musikak erasotzaileen tresna izan daitezke agian, baina ez erasotzaile. Euskaraz egiten den musikak euskara aberasten du eta berdin dio musika hori «bertakoa» edo «arrotza» den. Ingelesez, frantsesez, arabiarrez, gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzan egiten den musikak euskalduna aberats dezake eta ez da berez euskararen etsai. Musika horrekin zabaltzen den mezua izan daiteke erasotzailea, eta kritikoak izan beharko dugu musikaren bidez zabaltzen diren mezuekin -baita euskaraz abesten direnekin ere-.
Musika, berriz, gustatuko zaigu edo ez, baina gustu kontua izango da hori. Euskara ez da hizkuntza normalizatua eta euskararen alde lan egitera behartuta gaude. Euskara bizirautea nahi badugu, ez dugu beste aukerarik. Euskaldunon esku dago euskararen biziraupena eta «arrotzak» omen diren musiken zaleok izan beharko dugu musika horiekin euskara aberats dadin lanean aritu beharko dugunak. Ez dezagun musika estiloen kontra egin, estilo horren zaleak kontra jarri nahi ez baditugu behintzat. Lan asko dugu aurretik, eta bide horretan besteen laguntza ez da soberan egongo eta ongi etorria izango da.