Eskandinaviako garajearen erregeak
The Nomads
Garaje jaialdi bikaina Gasteizko Helldorado aretoan, errepidean 25 urte daraman The Nomads taldearekin. Munster Records disko etxean binilo bikoitzeko bilduma, «Nomadic Dementia", atera berri dute suediarrek.
Anartz BILBAO | BILBO
Eskandinaviako rockaren berpizkundearen buru dira The Nomads. Hellacopter, Gluecifer edota Turbonegrorentzat aitzindari gertatu den bandak errepidean 25 urte bete ditu eta urteurrena ospatzera hurbilduko dira larunbatean Helldoradora, beste talde birekin batera.
Acapulco Gold Diggers izango da bat, Gasteizen 2006an jaiotako banda, zuzenekoetan trebatzen ari dena, eta tartean E.H. Sukarra taldeko Mark gitarra-jotzailea duena. Dee Rangers talde suediarra da bestea.
Garaje Beataren errege, Screaming Apple disko etxe alemanean plazaratutako «Five Spanish Minutes» du aurkezgai 1997an Stockholmen sortutako Dee Rangers boskoteak. Europako disko etxe ezberdinetan makina bat single plazaratu eta Europan zehar biratu ondoren, White Jazz disko etxe suediar rockzalean «So Far Out So Good» (2002) eta «Pretty Ugly Beat» (2005) lanak argitaratu zituzten. 2004an partaidez aldatu eta hirugarren lan bat plazaratu zuten, «Backs to The Past, Bollocks to the Future», zuzenekoen ostean eta postaz baino saldu ez zutena.
Aurkezgai duten «Five Spanish Minutes» Xixonen grabatzeko Jorge Dr. Explosionen laguntza izan zuten eta dagoeneko grabatua dute beste lan bat toki berean, egun nahasten ari direna. Stockholm hiritik dator The Nomads laukote fina ere, Solna auzo hotzetik hain zuzen. Mende laurdena bete dute taldekoek izotza urtu eta rock bizkorrez mundu osoko aretoei sua ematen.
25 urte sua pizten
The Nomadsek Sonics taldearen «Psycho» lana omenduz egin zuen debuta, egun aurkiezina dena -500 ale baino ez baitzituzten plazaratu-. «Where the Wolf Bane Blooms» lehenengo ep-arekin goraipamenak jaso ostean, 1984an «Outburst» lan luzea argitaratu eta, maila txikian bada ere, ahoz aho gero eta oihartzun handiagoa lortuz joan zen taldea.
Lanen bat nabarmentzearren, ezin aipatu gabe utzi 90eko hamarkadan plazaratutako «Showdown» bilduma bikoitz oparoa. Partaideei dagokienez, hasiera hasieratik dira taldekide Nix Vahlberg abeslari eta gitarra-jotzailea eta Hans Ostlund gitarra-jotzailea. Hasierako baxu-jotzailea, Tony Carlsson, Bjorne Frobergek ordezkatu zuen, eta Ed Johnsson bateria-jotzailea, berriz, Jocke Ericsonek. 1983 eta 1991 denboraldiaren bitartean teklatu-jotzailea ere bazuen taldeak, Frank Minarik. Nixek gogoan du Kike Turmix zena Estatu frantseseko Tolosan ezagutu zuenekoa, 1984an egin zuten lehenengo Europako giran. Harrezkero, tarteka zuzenean ikusi izan ditugu Euskal Herriko oholtzetan, Kike potolo sutsuari esker. Urte hauetan makina bat talderekin partekatu du oholtza The Nomads taldeak, eta lagun andana egin ditu horrela. Horren erakusle, taldearen diskoetan izandako laguntza, Joey Ramonerekin hasi eta Dictators taldeko Manitobarekin bukatu.
Taldea grinatsu dago oraindik eta ondo pasatzen duten artean aurrera jarraituko dutela esan dute. Munster disko etxeak bira honetan Madrilen eman beharreko kontzertua grabatuko omen du, gero DVD bat plazaratzeko asmoz. Euskal jatorria duen disko etxe horrek plazaratu ditu taldearen azken lanak. «Night Time/Boss Hoss» singlea bat eta «Nomadic Dementia» 10 hatzbeteko binilo bikoitza bestea, 24 kanta biltzen dituen bilduma.
Lindsay Huttonek laburbildutako lanak, taldearen kantu ezagunenez gainera, abesti berri bat dakar: «Ain´t No King of Rock & Roll», azken bost urtetan konposatu duten bakarra. Ama hizkuntza duten suedieraz abestutako «Skolsangen» kantuarekin bukatzen da bilduma.
Data: Bihar.
Lekua: Helldorado aretoa (Gasteiz).
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 12/15 euro.
Taldeak: Acapulco Gold Diggers, Dee Rangers eta The Nomads.