Irati Gutierrez eta Ikoitz Arrese Solokoetxeko ikasle ohiak
Solokoetxe Institutua: Demokrazia?
Solokoetxe institutuko guraso, guraso ohi, langile ohi, ikasle ohi eta auzokideak biziki arduratuta azaltzen gara gure auzoko institutuan ematen ari den egoera antidemokratikoaren aurrean.
Argi dugu, heziketa prozesuak, balore, jakintza, bizikidetza eta jendarte justu baten aldeko prozesua izan behar duela. Gainera, ikasleriak hezkuntza prozesuan parte aktibo izan behar du, horretarako, kolektibo bezala dituen eskubideak errespetatuak izan behar dira. Solokoetxen, ordea, eskubide hauek erabat urratuak dira: kartelak jartzeko sentsura, komunak giltzaz itxita, bildu eta antolatzeko trabak, etengabeko zigor mehatxuak, ikasleriaren hitza hutsaren hurrengoa... Guzti hau konpontze bidean, gure aldetik prestu azaldu gara arazoa konpontzeko asmoz, hala ere, zuzendaritzaren jarrera erabat negatiboa izan da eta elkarrizketarako bideak ukatu egin dizkigu.
Guk, jakinik egoera isolatu batetik haratago zapalketa horiek Euskal Herriko beste hamaika ikastetxeetan ere gertatzen ari direla, jendartean hausnarketa sakona proposatzen dugu. Gureari dagokionez, aldiz, Karmelo Ikastola-Solokoetxe BHI-ko arduradun eta irakasleei egoera horrekin berehala buka dezaten exijitzen diegu.