GARA > Idatzia > Musika

Uhin positiboak

Marley abizenak aspaldi gainditu zituen reggae musikaren eremuak. Bob Marley-k 1981. urtean utzi gintuen, baina bere seme-alabek aitaren bideari jarraitu diote. Stephen, Bob Marley-k Rita Marleyrekin izan zuen bigarren semea izan zen eta bere anai arrebekin Melody Makers taldean aritu zen zazpi urte zituenetik. Talde horretan Ziggyk, anaia zaharrenak, izan zuen protagonismo handiena.

Stephenek kantu batzuetan ahotsak jarri zituen, baina gehienbat, produkzio lanetan aritzen zen. Produktore lanetan sari asko jaso ditu beste artistekin egindako elkarlanaren emaitza bezala -Buju Banton, Erykah Badu, Damian Marley anaia gaztearekin, e.a.- eta orain, beste anaia batzuek egindako bideari jarraituz -Ziggy, Damian, Kymani edo Julian- lehenengo diskoa kaleratu du bakarlari modura. Reggae musikak garapen handia bizi izan du azken 25 urteetan eta Stephenen estreinako lan honetan, garapen horren isla diren kantuak entzun daitezke. Estiloen arteko harremana inoiz baino sendoagoa da eta diskoan reggaea nagusi bada ere, soularekin, raparekin, poparekin edo rockarekin duen erlazio estua atzeman daiteke. Diskoan, besteak beste, maitasun abestiak aurkituko ditugu, marihuanaren legeztatzea eskatzen dutenak, politikoen hipokrisia salatzen dutenak edo pentsamendu bakarraren morrontza mentalaz ohartarazten dutenak. Orokorrean, ez du ezer berririk eskaintzen, baina gustura entzuten den diskoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo