GARA > Idatzia > Ikusmira

Langileak ez dira kasualitatez hiltzen

Rafael Zubiagirre 42 urteko laguna lanpostuan hil zen atzo. Eta ikaragarria da pentsatzea bihar-etzi besteren bat izango dela, «tokatuko zaiola». Baina ikaragarria da Euskal Herrian lan munduko errealitatea. Onartezina da bere burua aurreratutzat jotzen duen gizarte batean -egia esan, edozein gizartetan- langileak erosten den lan indarraren balioa izatea; erosten den makinak duen balio berbera, alegia. Istripu hitzak adierazten du nahi gabe kaltea eragiten duen gertaera edo ekintza; kasualitatearen ondorioz gertatutako ezbehar saihetsezina. Lan istripu hitz elkartuak, beraz, lanpostuan gertatutako istripua adierazten du. Baina lan istripuen maiztasunak ez dio kasualitateari tarte handirik uzten. Lan istripuak saihets daitezke, eta saihesteko legeak egon badaude. Hain zuzen, lege horiek betetzea da enpresarien lehen betebeharra; administrazioena, berriz, horiek betearaztea eta, hala izan ezean, neurriak hartzea. Lege horiek eta behar diren neurri guztiek lehentasuna izan behar dute, baina ez sindikatuentzat bakarrik. Argi izan behar da langileen osasuna, langileen bizia etekin ekonomikoaren gainetik dagoen balioa dela. Baina ez beti positibotzat jotzen dituzten balantze egokituen apaingarri gisa, baizik eta egunez egun ikusi behar den eraginkortasun moduan. Eta gaur 38 zenbakiak errealitate ikaragarria adierazten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo