Etorkizunaren etxea eraisteko ohitura txarra
Barakaldoko Gaztetxea eraitsi egin zuten atzo, bertako gazteei hura utzarazi ondoren. Gazteak indarrez aterarazi zituen Ertzaintzak eta haietako bat atxilotu. Gasteizen, berriz, Gazte Asanbladak salatu zuenez, hango Udalak eskatutako txosten batek Gaztetxeak erortzeko arriskua duela adierazi du. Hemeretzi urtean eraikin hori eraisteko mehatxuek bestelako arrazoiak izan dituzte: Alde Zaharreko bosgarren dorrea, merkataritza gune bat, aparkaleku bat egitea... eta orain, antza denez, erortzeko zorian dago. Gazte horiek herritarren onespena eta sostengua dute, arlo sozial eta kulturalean egiten duten lanagatik. Baina instituzioentzat kontrolpean ez dagoen guztia susmagarria da, lan txalogarria izanda ere. Barakaldo, Gasteiz, Santutxu, Iruñea... zerrenda luze bat osatzeraino, eraso zerrenda luzea. Udal erasotzaileak kolore politiko desberdinetakoak badira ere, gris berean egiten dute bat gazteekiko politikan. Indar horiek guztiek gazteen kemena, heldutasuna, zentzua... goraipatzeko baztertxo bat gordetzen dute beren diskurtsoetan, behin eta berriz diote gazteria etorkizuna dela; hala ere, praktikan ezin dute eraman gazteek beren kabuz antolatutako ekimenik, nahi duten gizarte ereduranzko pausurik eman dezaten. Gazteak etorkizuna izaki, zergatik ez utzi berena izango duten gizartea eraikitzen? Zergatik gizarte eredu zaharkitua inposatu?