GARA > Idatzia > Mundua

Kosovori buruzko bozketan ez dela abstenituko ohartarazi du Errusiak

Kosovorako Martti Ahtisaari berriemaile bereziak prestatu duen planaren eztabaidak pil-pilean jarraitzen du. Atzo, Errusiako Atzerri ministroak argi utzi zuen ez dutela Serbiari inposatuko dioten ezer onartuko. Boris Tadicek independentziaren kontra daudela berretsi zuen.

GARA |

«Serbiarentzat onartezina dena guretzat ere izango da», ohartarazi zuen atzo Errusiako Atzerriko ministro Sergei Lavrovek Kosovorako Nazio Batuetako berriemaile berezi Martti Ahtisaarik prestatu duen planari buruz.Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioek porrot egin ostean, datozen egun edo asteetan, data oraindik zehaztu gabe dago, NBEeko Segurtasun Kontseiluak Ahtisaariren proposamena eztabaidatu eta bozkatuko du. Errusiak adostutakoari betoa ezarri diezaioke.

Duman eginiko agerraldian, Lavrovek argi utzi zuen bat datozela Serbiarekin eta bere alde egingo dutela bozketan. «Mahai gainean ipintzen diren neurrien arabera jokatuko dugu. Belgrad eta Pristinarentzat onargarriak diren hitzarmenak badira bi aldeen arteko akordioa izango da eta guk ez dugu zer esaterik horretan», azaldu zuen.

Errusiak bozketan parte hartuko duela nabarmendu zuen. «Ez gara inolaz ere eztabaidaren kanpo geldituko, gaia garrantzitsua baita. Ikuspuntu historiko, espiritual eta politiko ugari ordezkatzen ditu. Beraz, ez dago ostrukarena egiterik», adierazi zuen. Ildo horretan, 1952. urtekoa ez dutela errepikatuko gaineratu zuen. «Orduan, Errusiak ez zuen Koreako penintsularen arazoei buruz bozkatu. Bermatzen dizuet hori ez dela berriro ere gertatuko», esan zuen.

Bere ustez, prozesuaren emaitza «aurrekari bat» izango da, «lehen aldia da-eta Estatu baten parte den lurralde bati independentzia emateaz hitzegiten». Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak, Igor Ivanovek, Kosovorako berriemaile berria izendatzea eta elkarrizketekin jarraitzearen alde egin zuen.

Bien bitartean, Serbiako presidente Boris Tadicek ez dutela Kosovoren independentzia onartuko berretsi zuen atzo. «Gure herriaren batasuna bide diplomatikoetatik eta ez helburu politikoak dituzten gerrateen bitartez defendatzeko prestutatasun osoa dugu», esan zuen.

Nazioarteko Sozialisten goi mailako ordezkaritza batekin bildu zen Tadic. Bere presidente Giorgos Papandreuk esan zuenez, Europako Batasunak paper berezia jokatu beharko luke.

«bozkatuko dugu"

Serbiarekin erabat lerrokatu da Errusia eta, ildo horretan, betoa erabiltzeko aukera zabalik utzi du. Gaiaren garrantzia nabarmendu eta bozketan esku hartuko duela ohartarazi du jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo