GARA > Idatzia > Osasuna

Gorritxoak, elurretik urrun

Lagunarteko batek emango dio amaiera egonaldiari

Prestatzaile fisikoaren esanetan, taldeak Xerezera eraman zituen lan-helburu guztiak bete ditu

GARA | IRUÑEA

Xerezeko eguzkia eta epeltasuna utzi eta Iruñeko hotza eta elurretara bueltatuko da gaur Osasuna, Andaluzian bost eguneko egonaldia bete ondoren.

Xerez B taldearen aurkako lagunarteko batek emango dio gorritxoek eraman zituen lan-helburu guztiak betetzen ari den egonaldiari. Joshé Vielaren esanetan, taldeak «ederki bete ditu aurretik genituen itxaropen guztiak. Lana pentsatuta geneukan bezela egiten ari gara, instalazioek eta eguraldi onak lagunduta», poztu zen prestatzaile fisikoa.

Hala ere, Vielak onartu zuenez, «taldea esfortzuak pilatzen ari da; jokalariek lan-saioengana duten erantzuna oso ona izaten ari da, baina neke sintomak agertzen ari dira ere bai. Ostegunetik aurrera lasaitzeko dauzkagun hiru egun eta erdiak oso ongi hartuko dituzte».

Lan fisikoarekin batera, jokalari gorritxoak erlaxatzeko aukera izan omen dute. Izan dituzten ordu libreak irakurtzeko, telebista ikusteko, kartetan aritzeko, ping-pong, golf eta padel praktikatzeko, edota paseatzeko aprobetxatu dituzte, egonaldiaren helburu nagusia bete da, Jose Angel Zigandak Xerezera heltzerakoan azaldu zuenez. Hau da, lasaitasuna berreskuratzea taldea indartzeko, azken bolada honetan exijentzia handiko partida asko, eta aste gutxitan, jokatu ondoren eta denboraldiaren beste zati garrantzitsu bat hasi aurretik.

Gogoz ekin zioten gorritxoek, beraz, egonaldiari eta poz-pozik itzuliko dira. Bueltatu aurretik, azken lan-saioa egin zuten atzo goizean -arratsaldekoa kendu zuen Zigandak, jokalariek beste arratsalde libre bat eduki zezaten-: saio gogorra, indar ariketekin hasi eta partidatxo batekin amaituko dute. Juanfranek, berriro ere, ezin izan zuen parte hartu, San Mamesen jaso zuen kolpearen ondorioz, eta bakarrik egin zuen lan. Sabo Milosevic, bere aldetik, etxera joan zen datorren astelehena arte, entrenatzailearen baimenarekin.

Hamarretatik aurrera Xerez B-ren aurka jokatuko duen lagunartekoak amaiera emango dio egonaldiari. Taldea arratsaldean bueltatuko da Iruñera eta ondoren hiru jaiegunekin gozatuko dira.

Hurrengo partidak

Astelehenetik aurrera, gorritxoak hurrengo konpromisoak prestatzen hasiko dira. Konpromiso ugari eta garrantzitsuak, Ligan mantentzea ziurtatzen saiatzen diren heinean, UEFAko hurrengo kanporaketa bilatuko baitute ere.

Hurrengo partida Sevillaren aurka jokatuko dute nafarrek. Sadarren, apirilaren 1ean, 21.00 etan eta Canal Plusek zuzenean eskainitakoa.

Telebistaz jarraitu ahal izango da hurrengoa ere, Bayer Leverkusenen aurkakoa, hain zuzen ere. Atzo aurreratu zutenez, apirileko 5ean jokatuko dute BayArena zelaian, 19.00etatik aurrera eta Canal Plusek eskainiko du ere bai. Itzulia, bestetik, Sadarren jokatuko da apirilaren 12an, 20.45ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo