GARA > Idatzia > Euskal Herria

ESAITen eta Bai Euskal Herriari-ren deia hautetsiek Udalbiltzan parte har dezaten

Jasone MITXELTORENA |

Maiatzean udaletarako aurkeztuko diren pertsonei zuzendu zitzaizkien ESAIT eta Bai Euskal Herriari atzo: hautetsiak izatean Udalbiltzako kide egin eta erakundearen berrantolaketan parte hartzeko eskaera egin zieten. Horren arrazoia Nazio Eztabaidaguneak egindako hausnarketan oinarritzen da.

Euskal Herri osoa bilduko eta egituratuko duen instituzio baten premia ondorioztatzen da hausnarketa horretan. 1999an Udalbiltza sortzean gabezia bete zela esan eta erakundea berrantolatu beharra nabarmendu zuten. Erakunde barrenean izandako zatiketak batetik, eta Auzitegi Nazionalaren debekuak bertzetik, Udalbiltzak eginiko lanaren ibilbidea eten zutenez, berriro abian jartzearen garrantzia argi gelditu dela uste dute ekimenen ordezkariek: «Garai garrantzitsuan barneratuta gaude eta Euskal Herriak nazio gisa jokatzeko tresneria behar du». Behar horren arrazoiak azaldu zituzten Erruki Ezkurrak (Bai Euskal Herriari) eta Itziar Arratibelek (ESAIT).

Beren hitzetan, «nazioartean onartutako hainbat eskubide ukatu zaizkigu, horien artean, naziotasunarena, kirol esparruan gure herria ordezkatzekoa, nazio gisa inolako inposaketarik gabe euskal herritar moduan agertuz bizitzekoa eta,libre eta demokratikoki erabakitzekoa». Hau guztia dela-eta, Udalbiltza berrantolatzeko aldarrikapena egin zuten bi ekimenek. Aldi berean, alderdi politikoei beren hautagaiak erakundeko kide izatera bultzatzeko eskaera egin zieten, eta hautetsiei, horrez gain, Udalbiltzaren berrantolaketan parte hartzeko.

Aberri Eguna bateratua

Sensibilitate ezberdinak bilduko dituen deialdia burutu delako poza agertu zuten bi ekimenek eta Apirilaren 8an «bere etorkizunaren jabe izateko determinazioa duen nazio gisa Aberri Eguna egiteko deia» egin zioten gizarteari. Egun horretan ikurrina kalera ateratzeko eta Irun-Hendaia artean egingo den herri martxan parte hartzeko gonbita ere egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo