Auzitegi Nagusiaren epaia salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak
Euskararen normalizazio bidean atzera pauso gisa definitu du Azpeitiko ezker abertzaleak epaileek udal ordenantza baliogabetzea. Tresna garrantzitsu eta muturreraino garatu beharrekoa dela uste du. Halaber, epaileen erabakiak garbi erakusten du, euren iritziz, «egungo markoak espainiera lehenesten" duela. Alkateak bestalde errekurtsoa abian dela adierazi du.
Maider EIZMENDI |
Azpeitiko ezker abertzaleak gogor salatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskara normalizatzeko Udalak, aho batez, onartutako ordenantza baliogabetu izana, «hori euren euskal komunitatea berrosatzeko beharrezko» jotzen baitute. Halaber, epaileen erabakia euskararen normalizazioan atzera pausoa dela adierazi zuten. Izan ere, ezker abertzalearen ustez, ordenantza euskara normalizatzeko tresna egokia da eta bertan jasotzen diren neurriak azken muturreraino garatu behar direla uste dute, bidean aurkitzen diren oztopoak-oztopo.
Atzo egindakoa agerraldian azaldu zutenez, epaiak garbi erakusten du «egungo markoak espainiera lehenesten duela, nahiz eta bi hizkuntzak izan ofizialak».
«Marko berri bat behar dugu eta ezker abertzaleak hor du bere proposamena mahairatua, marko demokratiko berri baten proposamena egina du. Honek euskaldunon hizkunta eskubideak bermatu beharko ditu eta orain hori dugu erronka nagusia», azaldu zuten.
Udala errekurtsoa prestatzen
Azpetiko alkate Julian Eizmendik (EAJ), bere harridura agertu zion GARAri Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurrean. Ordenantza honen helburua euskararen sustapena dela azaldu zuen, bere normalizazio osoa lortzeko, horregatik ez du ulertzen euskara inposatzen dutela edota erdara at uzten dutela egotzi izana. «Artikuluetan eta sarreran esaten den bezala, gure helbura alderantzizkoa da, eskubide linguistikoen berdintasuna lortu nahi dugu ordenantzaren garapenarekin, euskaldunak izan ditzatela erdaldunek adina eskubide linguistiko; berdintasuna da helburu».
Azpeitia 14.000 biztanle dituela eta %90 euskalduna dela gogorarazi zuen. «Horiek ere euskaraz egiteko aukera izan behar dute Udaleko zenbait alorretan. Ez dago beraz inposaketarik, koofizialtasuna, bermatzen baita». Bestalde, euren eskumenak ez dituztela gainditu adierazi zuen eta beraz, aurrera egiteko asmoa erakutsi eta kasaziozko errekurtso bat tartekatzekotan direla azaldu zuen.
Azpeitiko ezker abertzaleak Udalaren jarrera ere izan zuen ahotan. Gogora ekarri zuten, esaterako, 2.000 urtean Kontseiluak Herriak Euskalduntzeko Plangintza aurkeztu zuela Azpeitian eta euskalgintza eta gizarte arloko eragileek eta Udalak aho batez onartu zutela Kontseiluaren euskararen normalizazio plangintza abian jartzea.
«Baina 2001ean Kontseiluaren plana atzera bota eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bultzatzea erabaki zuen Udalak», esan zuen, horretan herri mugimenduek jokatu dezaken paper garrantzitsua baztertu egiten dela salatuz. «Lau urte horietan herri mugimenduen eginkizuna aholkuak ematera mugatu da eta horrek Udala eta herri mugimenduaren arteko haustura ekarri du eta haustura horren ondorioz hainbat arazo ere bai», esan zuten.
Euren ustez, urte hauetan Udalaren apustu nagusia herriko administrazioa eta lan mundua euskalduntzea izan da eta «diru asko inbertitu du bi arlo horietan». Hala ere, euren esanetan, lau urte pasa ostean, «bi enpresa daude inplementazio fasean eta udal administrazioan gaur egun oraindik dokumentu asko gazteleraz sortzen da».
Ezker abertzalearen esanetan, oinarrizkoa da herritarren parte-hartzea bermatzea normalizazio plan horietan eta, besteren artean, elkarlana ziurtatzea, epeak markatzea, helburuak eta lehentasunak guztien artean erabakitzea, bitartekoak jartzea eta ibilbide horri jarraipena egitea.
Azpeitiko ezker abertzaleak dei egin zien herritarrei bihar 19.30ean herriko plazan EHEek deituta epaia salatzeko egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. Dei bera egin zuen etzi herrira iritsiko den Korrika 15en harira.