Hiru Saretak manifestazioa deitu du apirilaren 7an
Idoia ERASO |
Irakaskuntza elebidun pribatu katolikoa, publikoa eta Ikastolen Federazioa batzen dituen Hiru Sareta plataformak euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko manifestazioa deitu du apirilaren 7an Baionan.
Euskararen Erakunde Publikoak abenduan bozkatu zuen hizkuntza politikak euskarazko irakaskuntzarentzat garapena aurrikusten zuen. Geroztik Hezkuntza Nazionalak hartutako erabakiak ikusita EEParekin hartu konpromisoa ez duela bete salatu dute.
Seaskako presidente Ixabel Xarritonek adierazi zuen: «EEPren barnean kontraesana dago. Hemengo politiko batzuk nahikeria badute sistema garatzeko, baina Estatuaren ordezkariek ez dute erakundearen nahia bete nahi». Seaskarekin batera, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek osatzen duten plataformak zera esan zuen: «Ministerioak erabakien ondorioak ongi menperatzen ditu. Nabarmendu dezakegu ulergaitza dela EEParen administrazio kontseiluan eta euskarazko irakaskuntzarentzat hartzen dituen erabakien artean».
Estatuaren engaiamenduaren beharra nabarmendu zuen plataformak: «Estatuak euskara berpizteko irakaskuntza egoki eta eraginkor baten eskaintza zor digu. Engaiamendu honen ondorioa litzateke euskararen ofizialtasuna». EEPko presidente Max Brisson gonbidatu zuen manifestaziora Hiru Saretak.
Irakasle askirik ez izateak «epe laburrean irakaskuntzaren kalitatea ahultzen du eta epe ertainean, postuen kentzeek sortzen duten egonkortasun eskasak ez ditu gurasoak bultzatzen irakaskuntza elebidunera» adierazi zuen Hiru Saretak. Hurrengo ikasturteari begira irakasle postuen eskasia nabarmena dela jakinarazi zuen. Egoeraren larritasuna nabarmentzeko Xarritonek adierazi zuen: «Postu asko falta dira eta ezin da horrela jarraitu».
Inspektorearen adierazpenak
Plataformaren parte ez den irakaskuntza publiko elebiduneko gurasoen elkarte Ikas-Bik egin protestaren ondorioz Paueko Inspektore Akademikoak, Jean-Michel Eplek, Ipar Euskal Herriko hautetsiei gutun bat igorri zien. Bertan Eplek adierazi zituen jokaera politikoen eta datuen erabilpenari buruzko iritzia eman zuen Hiru Saretak Seaskako presidentearen eskutik: «Bitxia atzematen dugu funtzionario batek jarrera politikoa hartzea. Bestetik zenbakiak nahi dituzten bezala erabili dituzte, pribilegiatuak garela esateko. Baina euskarazko irakaskuntzak baliabide bereziak behar ditu eta kopuruak kalkulatzeko sistema bakoitzean formula ezberdinak behar dira», azaldu zuen, irakaskuntza elebidunari erreferentzia eginaz. Bertan ikasleak frantsesez diren kurtsoetan denbora erdiz bakarrik daudenez ikasle erdia bezala bakarrik kontatuak dira irakasleen efektiboak kalkulatzeko.