GARA > Idatzia > Kirolak

euskal jokoen iv. topaketa

Aurtengo edizioa Baigorrin abiatuko da

GARA | BAIONA

Xibak Euskal Herrien arteko Euskal Jokoen IV. Topaketa aurkeztu zuen atzo, Baionan. Lehenengo jardunaldia apirilaren 14an izango da, Baigorrin, Nafarroaren Eguneko egitarauan.

Gainerako egunak hauek izango dira: Gipuzkoan, apirilaren 28an, oraindik zehaztu gabeko herri batean; Saran, maiatzaren 12an, Herri Urratsen bezperan; Gasteizen, ekainaren 2an; Nafarroan, maiatzaren 19an, oraindik zehaztu gabeko herri batean; eta Balmasedan, maiatzaren 20an. Azken jaialdia ekainaren 20an izango da, Mendikotan.

Antolatzaileek aurtengo edizioan izena emateko baldintzen berri eman zuten. 16 urtetik gorakoentzat zuzenduta egongo da, eta taldeek hamabi pertsonaz osatuta egon beharko dute -sei neska eta sei mutil-. Arduradun bat izan beharko dute taldeek, eta musikariak ahal bada. Askoz jota, herri kiroletan federatutako bi pertsona eduki ahalko dituzte taldeek -neska bat eta mutil bat-. Horiek sokatiran soilik parte hartu ahalko dute.

Izena emateko bi modu daude: xiba@ikastola.net helbidera idatzita edo Herrialdeko Ikastolen Federaziora deituta. Joko hauek izango dira jaialdietan: harri-jasotzea, ingudea, lasto-altxatzea, dantza, xiba, zama garraioa, lokotxak, txingak, zaku-eramatea, toka, trontza, sokatira, birlak eta musa.

Joan den urteko ekitaldian milatik gora pertsonak hartu zuten parte topaketetan. Hain zuzen ere, 84 taldek izena eman zuten orotara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo