Liga Federala Harri-jasotzea
Maulek beharrezkoa zuen garaipena erdietsi du
Nafarroak galdu egin du, eta oraingoz nahiko lasai baldin badaude ere, ez daukate lo geratzeko tarterik, gero ezusterik nahi ez baldin badute
Jon LEUNDA | BAIONA
Liga Federalean, Lehen Mailan, jaitsiera faseko partidak bakarrik jokatu dira asteburu honetan, eta emaitza ezberdinak batu dituzte Maulek eta Nafarroak. Zuberotarrek irabazi egin dute, baina Nafarroa Beherekoek ezin izan dute garaipenik erdietsi.
Maulek ez dauka hutsak egiteko tarte handirik, heldu den urtean maila nagusian jarraitu nahi baldin badu, eta horretarako irabazi egin behar zuen etxean Sarlaten aurka, eta ez zuten hutsik egin, 21 eta 6 irabazi baitzuten. Transformatutako hiru entsegu egin zituzten.
Nafarroaren egoera hobea da, baina hori-gorriek ere ezin dute lo geratu, bestela ezusteren bat hartu baidezakete. Herenegun Cereten zelaian aritu ziren, eta 39 eta 22 galdu zuten. Bidartek, Gomisek eta Fagouetek lortu zituzten entseguak. Darritxonek bi transformazio gauzatu zituen eta Zelanek transformazio bat eta zigor-kolpe bat.
Bigarren Mailan, Bokalek 3 eta 13 irabazi zuen Soustonsen, sailkapeneko lehenengoaren zelaian. Benaudak bi entsegu egin zituen, eta Nerinek zigor-kolpe bat gauztau zuen. Donapaleuk, aldiz, 5-16 galdu zuen etxean Langonen aurka, eta jaitsiera geroz eta gertuago dauka.
Hirugarren Mailako emaitzak hauek izan ziren: Pont Long 10 / Hendaia 3; Rion 8 / Angelu 15; Senpere 9 / Villenauve 30 eta Mugerre 9 / Bardoze 3. Larresororen eta ASB Baionakoaren arteko derbia bertan behera geratu zen, zelaiaren egoera txarra zela medio..
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailan, Hernanik geroz eta gertuago dauka Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela. Hala ere, gogoz egin behar izan zuten lan herenegun eguerdian Gernikari 28 eta 22 irabazteko. Gainera, bigarren zatian bi jokalari gipuzkoarrek txartel gorriak ikusi zituzten, eta bi gutxiagorekin amaitu zuen partida. Dena dela, Gernikak ezin izan zion abantaila horri etekinik atera.
Orain hiru jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko, eta Hernanik nahikoa izango du garaipen bat lortzea, igoera fasea jokatzeko. Beraz litekena da, datorren urtean Ohorezko Mailan lau euskal talde ere izatea, baina horretarako Hernanik igo egin beharko luke, eta dauden hiruretako inork ez luke mailarik galdu beharko, baina horrek ez dirudi horren erraza.
Durangok, aldiz, 24 eta 18 irabazi zion Vigori, partida estu baten ostean. sailkapeneko huirugarren postura igo dira.
Ostolatzak irabazi zuen herenegun Etxaurin jokatu zen lehiaketa. Bertako harri baldarrarekin airu ziren, eta honek 136,5 kilo pisatzen ditu. Zestoarrak 13 aldiz jaso zuen bost minututan, marka berria ezarriz. Urrutiak bederatzi aldiz berdindu zuen, eta Igoak ez zuek jasoaldirik lortu.