GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bolognaren kontrako ekimena Arabako campusean

GARA |

Bologna prozesuaren kontra eta Euskal Herriko Unibertsitateak horrekin duen jarrera salatzeko, ekimena egin zuen atzo goizean Segik Arabako campusean eta EHUko ikurrera margo gorria eta horia jaurti zuten.

Gazte erakundeak irizten dio Bologna prozesuak hezkuntza «enpresa-interesen arabera» antolatzea bilatzen duela, bai eta «irakaskuntza negozio egitea eta herri jakintza merkantilizatzea» ere.

Azken finean, Segiren aburuz, egitasmo hori abiatu zutenek nahi zutena zen unibertsitate sistema «estatu kapitalisten biziraupenerako» mesedetan ipintzea, horrela «kapitalismoaren neurrira» eginiko gazteak sortu eta balore «neoliberal eta zapaltzaileak» asimilatzen dituztela nabarmendu du.

«Estatu kapitalisten Europan, Euskal Herria ez da herri gisa aintzat hartzen, ez dauka Bolognaren inguruan ez hitzik ezta erabakitzeko eskubiderik ere» salatu du Segik. Euskal herritarrei Bologna prozesua «goitik behera inposatua» datorkigula eta «unibertsitateen homogeneizazioan euskal nortasuna desagertarazteko arriskuan» uzten dutela azaldu du.

Hala, «EAJren eta UPNren gobernu autonomikoek» betetzen duten papera deitoratu du, Bolognaren gauzapena ez delako «soilik Madril eta Parisen esku geratzen». Berdin kritikatu du EHUko, NUPeko eta Baionako fakultateko errektoreen jarrera. Hauei esan die «gure herrian ez dutela Bologna aplikatuko!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo