GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoen aldeko gaua izan zen asteartetik asteazkenerakoa

Korrika guztietan hainbat aldarrikapen ateratzen dira kalera, eta hamabosgarrena ez da salbuespena izan. Aldiro errepikatzen direnen artean, euskal presoen Euskal Herriratzeari buruzkoak daude. Horrek garrantzi berezia izan zuen asteartetik asteazkenerako gauean.

Iker IRIARTE

Korrika 15ek lehen pausoak eman zituen egunetan parte hartzen zuten pertsonek kalera ateratzen zituzten aldarrikapenak gehiegi edo nabarmenegiak ez zirela argi esan genuen arren, ibilbidean aurrera egin ahala, asko aldatu da kontu hori. Azken egun hauetan ugari eta askotarikoak izaten ari dira korrikalariek eramaten dituzten pankarta edo afixetako mezuak: gazteriaren aldekoak, Abiadura Handiko Trenaren aurkakoak, gaztetxeak eraistearen aurkakoak, okupazioa ez dela delitua gogorarazten dutenak, eta abar luze bat.

Korrika bezalako euskararen aldeko ekimenetan, baina, behin ere falta ezin dena, hizkuntza nazionalaren ofizialtasunaren eta euskal hiztunen eskubideen zapalketa amaitzearen aldeko leloak dira. Korrika Nafarroa aldean ibili zen, batik bat, atzo, eta igarotako herri guztietan ohiko bihurtu zen «Sanz, entzun, Nafarroa euskaldun!» zioena. Presidenteak eta bere Gobernuak indarrean duten politikari erantzuteko modu bat.

Urteroko beste bat

Korrika batetik bestera, hutsik egin gabe, parte hartzen duten pertsona asko eta asko dauden bezala, aldarrikapen ugari ere halakoak dira -nahiz eta hori oso datu baikorra ez izan-, behin ere falta ez direnak. Euskararen ofizialtasunarena halakoa dela azaldu dugu, baina beste batek ere merezi luke bere tartetxoa. «Euskal presoak, Euskal Herrira», Euskal presoak, etxera» edo «Amnistia» aldarrikatzen duten horietaz ari gara, hain zuzen ere. Kasu honetan, lasterketarekin batera, «Euskal presoak, euskaltegietara» edo «Euskal presoak euskararen alde» bezalako oihuak botatzen dituzte airera Etxerat edo amnistiaren aldeko mugimendua moduko ekimenek Korrika-ko kilometro bat erosten duten aldioro.

Egunero eta ia kilometro guztietan ikus daitezke halako afixak eta entzun daitezke horrelako oihuak, baina asteartetik asteazkenerako gauean, indar berezia hartu zuten gisa honetako aldarrikapenek, oihuek eta afixek.

Izan ere, aipatutako iluntze eta goizalde horietan, Sakanan aspaldi ez bezain ozen entzun ahal izan genituen oihu horiek, 1.289. kilometroa, Uharte Arakil parean egokitua, «Parisko eta inguruetako espetxeetan dauden euskal preso politikoen kilometroa» izendatu baitzuten.

Kilometro horretara iritsi aurretik ere, euskal presoen aldeko banderola ugari ikus zitezkeen, Etxarri Aranaztik eta baita lehenagotik hasita zetozenak ere, baina unerik hunkigarrienak Uharte Arakil parera iritsitean bizi izan ziren.

Ordurako jada ehunka lagun bilduak ziren lekukoaren atzean, eta banderolez gain, presoen irudiak zeramatzaten eurekin. Guztira, 50 inguru zenbatu zitezkeen, eta oihuen artean, unerik zirraragarriena lekukoa hiru euskal preso politikoren amek hartu zutenean etorri zen: Korrika-ren karabanak pausoa moteldu zuen -ez baita inoiz guztiz gelditzen- bertan bildutako jendetza guztiak ongi goza zezan oroimenerako une horretaz. Musika ere isilduarazi egin zuten eta txalo zaparrada handi batez apaindu zuten Maribi, Kontxi eta Arazelik Korrika-ren lekukoa hartu zuten unea.

Poliki-poliki pauso batzuk eman eta gero, hurrengo eramaileari pasa zioten lekukoa eta beste txalo zaparrada batez -eguneko bero eta indartsuena, ziurrenik- agurtu zituzten korrikalariek gaur egun preso dauden Mixi, Popi eta Wiliren amak.

Hori guztia Txalaparta Irratiak zuzenean eman zuen. Astearte gauero Parisko kartzeletan dauden euskal presoentzako saio bat eskaintzen duen irrati horrek hiru kilometro lehenagotik emankizun berezia eskaini zuen, elkarrizketak eginez, Korrika 15eko furgonetatik bizi zen giroa azalduz... Arrakasta itzela izan zuen Txalaparta Irratiak bultzaturiko ekimenak, eta horren adierazgarri da bat baino gehiago izan zirela malkoei ezin eutsiz ibili zirenak.

Aske geratu eta berehala heldu zion Korrika 15en lekukoari Txuma Puy preso ohiak

Asteartetik asteazkenerako gauean, baina, ez zen hori izan une garrantzitsu bakarra euskal preso politikoen auziari dagokionez. Izan ere, behin Korrika-k Sakana atzean utzi, eta Larraun alderantza abiatu zenean, joan den astera arte preso egondako Txuma Puyk hartu zuen lekukoa.

Ez zuen edonorengandik hartu, gainera, Pedro Martinez de Eulate -amaitu berri den eskuz binakako txapelketako irabazlea- eta bere lagun minarengandik baizik. Puy joan den astean geratu zen aske, eta Atarrabiako bere koadrillarekin batera etorri zen Etxeberri aldera erositako kilometroan korrika egitera. Denak ileordeekin joan ziren, eta umorez hartu zuten egin beharreko bide gogorra; azken finean, hartu zuten kilometroa Zuarrarrate mendatearen hasieran baitzegoen, eta malda handiei aurre egin behar izan baitzieten Puyk eta Atarrabiatik etorritako lagunek. I.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo