Lan istripuei aurre egiteko pausoak behar dira
Lan istripu bat dagoenean edo, zehatzago esateko, lan istripuan langileren bat hiltzen denean, instituzioek deitoratu egiten dute; patronalak zerikusirik izango ez balu bezala jokatzen du, ezer esan gabe, eta sindikatuek salatu egiten dute. Baina hortik harago, ezer ere ez, tokian tokiko elkarretaratzeren bat salbu. Eta lan istripuak ez dira noizbehinkako edo bolada txar bateko kontua, baizik eta hildako, zauritu eta gaixo segida ikaragarria. Ikaragarriak baitira atzo LAB sindikatuak jakinarazi zituen zifrak. Joan den urtean 129 langile hil ziren lanpostuan; aurtengo lehen hiruhilekoan, berriz, 39. Eta ezin konta ahala zauritu eta gaixotasun profesional... Sindikatu horrek, hartara, hilabetetsu barru, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen, ordubeteko lanuztera deitzeko asmoa duela esan du, eta hala jakinarazi die gainerako sindikatuei. Ez da salaketa hutsean gelditzeko garaia, arazo larri horri irtenbidea emateko pausoak ematekoa baizik, eta eginbehar hori gizarte osoarena da, sindikatuetatik hasita, eta politikariek ere, haiek bereziki, ardura hori beren gain hartu beharko lukete. Ez dirudi, baina, gehienak hartarako prest daudenik, atzo bertan Gasteizko Legebiltzarrean atzera bota baitzuten Ezker Abertzalea taldearen lan istripuei aurre egiteko neurriak hartzeko proposamena.