GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Arrainak eta amuak

Harrigarria iruditu zait demokrata izena bereganatu nahi duten batzuek ASB alderdiaren legalizazio saioaren aitzin agertu duten jarrera. Maniobra gisa hartu dute, eta amua ere aipatu dute. Sakoneko afera ahantzirik, kontua da, betiere haien ikuspegitik, beste zerrenda batzuk prestatzeko asmoa omen duela ezker abertzaleak, eta ASB erabili duela arreta desbideratzeko. Harrigarria iruditzen zait, idatzi bezala, ez dutelako aipatu ezker abertzalea legalki existitzea dela mahai gainean jarri dena, eta ez besterik. Gainera, isiltasun zikina izan da, kasu askotan, komeni zaielako ezker abertzalea heldu diren hauteskundeetan legalki ez egotea.

Euskaldun askok gure eskubide politikoak ukaturik ditugu, eta egoera hau gainditzeko saio bat egiten delarik, ezker abertzalearen legalizazioa bultzatu beharrean, amua aipatzen dute ustez Alderdien Legearen aurka dauden horiek. Oso iraingarria da jarrera hori, eta erakusten du nola ulertzen duten demokrazia batzuek. Izan ere, ASB legalizatzeko eskaerak eragile horien txaloa jaso beharko zuen, aitatzen ditudan eragile horiek eskatu dutelako behin eta berriro horrelako urratsik egitea. Baina ez, ezker abertzalearen ekimena mespretxatu eta eztabaida nagusiari itzuri egin diote.

Inkontzientearen akatsa izan delakoan nago. Amua aipatzean, zurikeria gogotik praktikatzen duten eragile hauek ezker abertzalearen kaladeroetara luzatu nahi duten amuaz ari ziren pentsatzen.

Sakonean, alta, batzuen oportunismoa baino askoz ere gehiago dago jokoan. Ezker abertzalearen legaltasuna edozein pro- zesuren oinarrietarik bat da, eta bide batez espainiar gobernuaren estrategia agerian uzteko test ederra. Esanguratsua da Zapaterorengandik hurbil omen dabilen kazetari batek egindako hausnarketak, zeinak argitzen baitzuen De Juana eta Otegirekin gertatutakoak ez zirela keinuak edo urratsak, baizik eta euskal jendartean eta bereziki ezker abertzalearen baitan espainiar gobernuaren irudia salbatzeko ekimenak. Ez urratsik, beraz, baizik eta urratsik ez emateko maniobrak.

ASB legalizatzeko saioak maniobra horiek kolokan jarri ditu, eta garbi utzi du iritsi dela zirt edo zart egiteko tenorea. ASB amua dela pentsatzea kalkulu akats handia izan daiteke, beraz. Espainiar gobernuak zalantzak izanen ditu, akaso, baina uste dut ezker abertzaleak ederki dakiela nora doan, baita nondik ez den pasako ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo