GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Sufragio unibertsala

Baina hauteskundeen aurrean ezker abertzalea ez da «demokrazia" honetan txokoratuta gelditzen den bakarra. Multzo «desatsegin" horretako beste zati bat -zati handi-handi bat- etorkinek osatzen dute

Atenasen jaio zela demokrazia ikasi genuen eskolan. Orduan irakurtzen genituen eskolako liburuek gaurko eguneko prentsak bezala kontatzen zituzten gauzak eta, hortaz, bertan azaltzen zen demokrazia hain «demokratikoa» ez zela ikasi behar izan genuen denbora pasatuta. Hau da, irakasle faxistoideak -edo xinplemente tontoak- goraipatzen zigun humanitatearen aurrerapauso eta lorpen horretan edonork ez zeukala botoa emateko aukerarik, batzuek aukeratzen zutenek besterik ez: orduko herritarretatik emakumeak eta esklaboak kendu eta, zer geratzen zaizu?

Deskubrimendu hori egin genuenean, arbuiatu egin genuen, ea zelan deitu ahal zitzaion horri demokrazia? Eskerrak mendeak pasatuta, beste momentu batean geundela eta gauzak oso bestelakoak zirela! Bai, eskerrak...

Eskerrak jadanik herritar guztiok, betebeharrez gain, eskubideak ere badauzkagula eta, horien artean, zelan ez botoa ema- tea: demokraziaren esponenterik handiena lau urtean behin. Edo hobeto esanda esponente bakarra, zeren eta gure iritzia sekula ez galdetzeaz gain, ematea lortzen dugunean erreprimitua ere izaten baita.

Mala Rodriguezek kantatzen duen legez, «tengo un trato lo mío pa mi saco». Eta kontua betidanik izan da berbera. Eta zakua ondo betetzeko komeni ez direnak, deserosoak direnak, trabak ipintzen dizkidatenak, kanpora!

Eta ezker abertzalea beti egon da multzo «desatsegin» horretan. Desatsegina horrekin ere negozioa egin arte, zeren eta ezker abertzale barik asko hasi beharko lirateke politika egiten, herritar anestesiatuen kexak agoantatzen eta osasunaz, hezkuntzaz eta abarrez kezkatzen. Baina momentuz hori ez da kontua, badirudi sokatik gehiago tiratu nahi dutela. Kontuz, ala sekula ez zaizue goma bat eskuaren kontra apurtu?

Baina hauteskundeen aurrean ezker abertzalea ez da «demokrazia» honetan txokoratuta gelditzen den bakarra. Multzo «desatsegin» horretako beste zati bat -zati handi-handi bat- etorkinek osatzen dute.

Eskerrak jadanik ez dagoela esklaborik, Atenasen legez, orain denok gara herritarrak batzuetan eta zorte apur batekin horrela egiaztatzen duten paperak ere eman ahal dizkizute. Etorkinok! Zatozte «lehen mundura», ondo etorriak izango zarete! Ondo etorriak zuriok baino lan gehiago egiteko, gutxiago kobratzeko eta egoera infrahumanoetan bizitzeko. Ekoiztu, produzitu, egin gaitzazue aberats... Hala ere, etorkinek gauza txar bat ere badau- kate, horrelako kontuez kargutu egiten direla, zertarako nahi ditugun susmatzen dutela eta, horrela, zelan utziko diegu botoa ematen? Etorkinekin badirudi ez dela hain erraza terrorismoaren anestesia merkea.

Horrela, karnet espainola -eduki ahal dugun bakarra- berriztatzeko itxaron bitartean, ilara ezberdin bi topatu ahal ditugu: zuria eta kolorinetakoa. Zer esanik ez, azken hau askoz luzeagoa eta astunagoa izaten dela, total, beltzak, latinoamerikarrak eta txinatarrak dira, ilara egite hutsarekin arrazoi nahikoa daukate pozik egoteko. «Neska, para hemen, hauxe da komunitarioen fila, bestea besteena», erraztuko digu herritar osoren batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo