Erraldoien lehia, Bilbori dagokiona
Anartz BILBAO
Asmo handiak amestu ohi ditu Bilbok. Ospe hori du bederen eta izenak izana ekar dezan Metallica, Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers edo Fito gurea batera ikusteko aukera eskaintzen digu jaialdiak, txo/ño!
Dudarik gabe talde nagusien pisua deigarri egiten zaigu eta gainerako taldeak, interesgarriak izanik ere, betelanera mugatzen dituela dirudi (afitxaburuak nahikoa baitira bakarka ere milaka lagun erakartzeko). Agian kokaguneak dituen mugek eraginda, antolatzaileek aurten zaleek egun bat edo asteburu bat aukera dezaten bilatu dute, jaialdiak lau egun (bi asteburu) hartuko dituela kontuan izanda. Hori izan daiteke, talde nagusien erakartze indarrarekin batera, noski, sarreren prezioen arrazoia -egungo salneurriak ikusita, ez nuke garestiak direla esango, baina bistan da dirutza balio dutela, hamaika konbinaketa egiteko aukera badago ere-.
Bertako taldeei dagokienez -iaz kritikatu zutena-, puntakoen partaidetzak arlo honetan ahalegin berezia erakusten du eta F. Muguruza, Berri Txarrak, Vhäldemar, Nun, Biok eta Fito ikusteko parada ere izango dugu. Beste kontu bat da euskarari eskainiko zaion arreta, ikustear dagoena.