GARA > Idatzia > Kultura

Felipe Juaristik euskaratuta, Barojaren «Ipuinak» argitaratu du Koldo Mitxelenak

Martin ANSO | DONOSTIA

Oraindik Pio Baroja hil zeneko 50. urtemugaren lorratzean, «Ipuinak» argitaratu du KM Kulturuneak. Bertan, donostiarraren 37 narrazio labur bildu dituzte, Felipe Juaristik euskara- tuta. Hitzaurrea Txuma Lasagabasterrek egin du eta marrazkiak, berriz, Jose Belmontek.

«Barojaren nobelagintzak txiki utzi du bere ipuingintza, baina horretan ere idazle garrantsitsua izan zen, eta nobeletan erakutsi zituen dohaiak ipuinetan ere present daude», nabarmendu zuen Lasagabasterrek.

Oro har, Barojak ipuinak gaztetan bakarrik idatzi zituela esan daiteke. Are gehiago, gehienak 1900an argitaratu zituen, «Vidas sombrias»en. Izan ere, ondoren plazaratu zituen hainbat ipuin liburu, hein handi batean, behintzat, «Vidas sombrias»etik berreskuratutako testuekin osatuta daude.

Juaristik, berriz, testuok orain dela hamar bat urte euskaratzen hasi zela adierazi zuen. Urte horietan guztietan, noizean behin, zuzenketak egiten joan da. «Normalean ez naiz oso pozik gelditzen, beti testua hobe daitekeela pentsatzen dudalako, baina kasu honetan ez da horrela izan», esan zuen.

Barojaren ipuinek haurtzaroarekin lotzen dute Juaristi. «Ni Urolakoa naiz, Azkoitikoa, eta ipuin horietako asko Zestoan mediku zegoela idatzi zituen; beraz, nire txikitako paisaia da».

Ipuinoi «samurtasun handia» darie, Juaristiren iritziz. «Ipuinotako Baroja ez da gero ikusiko dugun Baroja heldua, baizik eta mundua ezagutu nahi duen, mina zer den badakien eta mina dutenengan iristen den Baroja bat», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo